Ekonomia -
Akordioaren puntu nagusiak
Pentsioen erreformaren gakoak
- Erretiro adina 67 urtera atzeratuko dute.
- 38,5 urte kotizatzen dituztenak 65ekin erretiratuko dira.
- Bekadunek kotizatu egingo dute.
- Gaur 47 urtekoak direnak, 67rekin erretiratuko diren lehenak.
Erredakzioa
Gobernuak, sindikatuek eta patronalak akordioa lortu dute gaur goizaldean pentsioen sistema erreformatzeko, eta Gobernuak gaur bertan onartuko du Ministroen Kontseiluan. Ondoren, Kongresura eramango dute, izapidea hasteko.
Atzo aurreratu zutenez, akordioaren ondorioz 65 urtetik 67ra atzeratuko dute erretiro adina, baina 38,5 urte kotizatzen dituzten langileak 65 urterekin erretiratu ahalko dira, pentsioaren % 100 jasota.
Hain zuzen ere, gaur 47 urte dituzten langileak izango dira 67 urterekin erretiratzen lehenak.
Sindikatuak erretiro adina atzeratzearen aurka agertu dira azken hilabeteetan, eta greba orokorra egiteko mehatxua egin zuten, baina azkenean oniritzia eman diote neurriari, beste onura batzuen truke.
Pentsioak kalkulatzeko epea ere aldatu dute, eta 15 urtetik 25era handitu dute. Aldaketa urratsez urrats egingo dute, eta 2023 urterako egongo da amaituta prozesua.
67 urterekin erretiratuta prestazio guztia jasotzeko 37 urte kotizatu beharko dira, eta hainbat pizgarri onartu dituzte enplegu toxikoen, arriskutsuen eta ez osasuntsuen pentsioetan.
Halaber, emakumeei eta gizonei bederatzi hilabeteko kotizazioa emango diete seme-alaba bakoitzeko, gehienez bi urteko kotizazioa pilatu arte, umea zaintzeko lan-bizitza eten egin behar badute.
Bekadunek ere kotizatuko dute, gehienez jota bi urteko kotizazioa pilatu arte, eta neurria 2009tik bekadun izandakoei ezartzen hasiko dira.
Erretiro aurreratua 61 urtetik 63ra pasatuko da, eta urte bakoitzeko murrizketa % 8koa izango da.