Ekonomia -
Elkarrizketa TVEn
Zapatero: 'Espainiari kosta egingo zaio langabezia murriztea'
Gobernuburuaren esanetan, aurtengo bigarren seihilekoan hasiko dira enplegua sortzen, modu "moderatuan", baina 2012an "enplegu garbia" sortuko da.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak aitortu du Espainiari "kosta" egingo zaiola langabezia murriztea, krisialdian bi milioi lanpostu suntsitu direlako, asko eraikuntzaren sektorean.
TVEn egindako elkarrizketa batean, Zapaterok ohartarazi du gauzak ezin direla aldatu "egunetik egunera", eta herrialdeak esfortzuak egin beharko dituela langabeei lanpostua emateko.
Gobernuburuak adierazi du ulertu egiten duela lan erreformak berehala enplegua sortzea espero dutenen "antsietatea", baina eragin "garrantzitsuenak" ekonomiaren hazkundea "% 1ekoa baino handiagoa" denean izango direla aurrez ikusi du.
Bere esanetan, aurtengo bigarren seihilekoan hasiko dira enplegua sortzen, modu "moderatuan", baina 2012an "enplegu garbia" sortuko da.
"Herritarrek dirua irabazten dute bankuei emandako laguntzari esker"
Bestalde, Zapaterok esan du herritarrek dirua irabazten dutela Gobernuak bankuei utzitako laguntzei esker.
"Egin duguna zera da, jaulkipenei bermea eman, bankuei aktiboak erosi, ondoren haiek berriz eros ditzaten, interes bat kobratuta", zehaztu du.