Ekonomia -

Aurrekontuak 2019

Aurrekontu proposamenak aurkeztu dizkiote Jaurlaritzari EH Bilduk eta Podemosek

EH Bilduk bi abstentzio eskaini dizkio Jaurlaritzari, baldin eta "gizartearen eskakizunei" erantzuten badie. Elkarrekin Podemosek "ezkerrera 180 graduko bira egiteko" eskatu dio lehendakariari.

Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte EH Bilduko ordezkariak, komunikabideen aurrean. Argazkia: EFE
'Politika sozialen zuzenketa' egonez gero babestuko ditu kontuak EH Bilduk

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko Aurrekontuen bozketara begira, EH Bilduk bi abstentzio eskaini dizkio Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, hainbat baldintza jarri dizkio, besteak beste, "orain arteko ekonomia politikak zuzentzea, pentsio baxuak osatzea, kalitatezko enplegua sortzea eta gizon eta emakumeen arteko soldata desberdintasunekin bukatzea".

Hori da zehazki Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramaileak Donostian emandako prentsaurrekoan aurreratu dutena. Han, aipatu koalizioak bilera izan du, astelehen honetan.

Ondoren, komunikabideen aurrean agertu dira, eta Otegik laguntza eskaini dio Iñigo Urkullu lehendakariari datorren ikasturteko Aurrekontuen prozesuan. "2019ko Aurrekontuek gizartearen eskakizunei bizkarra ematen ez badiete, Legebiltzarrean EH Bilduko bi ordezkari abstenitu egingo dira", esan du.

Ildo horretan, argi utzi du eskaintza horrekin ez duela "aurrekontu hitzarmenik" lortu nahi, EAJk eta PSE-EEk orain arte erabilitako politikak zuzendu baizik, euskaldunon aldarrikapenekin eta beharrizanekin bat ez datozela iritzita.

"Gobernuaren eta Lehendakariaren esku dago -esan du Otegik- gizartearen eskakizunei iskin egitea edo gure eskaintzari kasu egin eta herritarren nahiei erantzutea, bereziki premia handiagoa duten kasuei".

EH Bilduren "lehentasunen artean" legoke, Euskadik dituen eskumenez baliatuta, pentsio baxuenak osatzea, batik bat, babesik gabe dauden emakume alargunena.

Elkarrekin Podemosek 15 neurri proposatu ditu

Bestalde, Elkarrekin Podemosek 15 neurri jasotzen dituen proposamena igorri dio Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuari. Horien artean, Naval ontziolaren erreskatatzea nabarmendu du. Halaber, aurreko urteetako kontuei dagokienez, "180 graduko bira" galdegin dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta bira hori "ezkerrerantz" egiteko iradoki dio.

Bilbon emandako prentsaurrekoan, Andeka Larrea Elkarrekin Podemoseko Komunikazioko idazkariak ziurtatu du bere alderdia lanean ari dela "2019ko Aurrekontuak sozialagoak, bidezkoagoak eta solidarioagoak izan daitezen".

Horregatik, "Guztion Aurrekontuak" proposamena helarazi dio, zeinetan sektore anitzeko hainbat neurri jasotzen dituzten. Horiek guztiak asteartean aurkeztuko dituzte Legebiltzarrean.

Larreak azaldu duenez, txosten horrekin "herritar guztien beharrizanei erantzuten dieten kontuak" lortu nahi dituzte, alegia, Aurrekontu erabat sozialak izatea, lanpostuen behin-behinekotasunari, etxebizitzen salneurri altuei, lan munduan emakumezkoen eta gizonezkoen artean dauden desberdintasunei eta desindustrializazioari aurre egiteko.

Beste neurri batzuk

Elkarrekin Podemoseko buruak gaineratu du zerbitzu publikoen babesean oinarritutako Aurrekontuak proposatuko dituztela, "lan munduan, etxebizitzak erosterakoan eta arreta sanitarioan dauden arazoei" irtenbidea emate aldera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Ekonomia EH Bildu Araba Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Aurrekontuen azken ordukoa