Ekonomia -

Mubil

Elektromugikortasunean 'erreferentzia' izateko gune bat sortuko du Gipuzkoak

2018an eraikitzen hasiko dira Donostiako Eskutzaizeta industrialdean. Erakundeek 19,3 milioi euro inbertituko dituzte.

Irudia: EiTB
Irudia: EiTB
Mubil, elektromugikortasunerako erreferentzia zentroa Zubietan

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teknologia berrikuntzarako eta lankidetza publiko-pribaturako gune bat izango du Gipuzkoak 2021ean. 2025etik aurrera lurralde historikoa eta Euskadi mugikortasun elektrikoan nazioarteko “erreferentzia” bihurtzeko 19,3 milioi euro inbertituko dituzte erakundeek.

Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Mubil izeneko gunea aurkeztu dute gaur. 2018an eraikitzen hasiko dira Donostiako Eskutzaizeta industrialdean. Hiru fasetan eraikiko dute. Zaborra kudeatzeko erraustegia bertan eraikitzen ari dira, eta litekeena da Martuteneko espetxea ordezkatzeko kartzela bertan egitea ere.

Mubil gunearen aurkezpena Tabakalera eraikinean egin dute goizean. Lurraldeko enpresetako eta teknologia guneetako ehun bat ordezkari bildu dira. Olanok zuzendu du ekitaldia. Gipuzkoaren “apustua” azpimarratzeko bideoak proiektatu dituzte. Lurraldeko eragile ezberdinen lankidetzaren bidez elektromugikortasuna bultzatuko dute.

Horretarako, Donostiak Eskutzaizetan utzitako lursailetan, Aldundiak “berrikuntza eta ezagutza gune” bat sortu nahi du, eta Mubil haren “epizentroa” izango da. Olanoren hitzetan, azpiegitura “enpresen zerbitzura” egongo da, eta Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak ordainduko dute. “Datozen hilabeteetan fundazio publiko bat osatuko da gunea kudeatzeko”, erantsi du.

Guneak 5.350 metro karratu eta lau eraikin izango ditu, horietako garrantzitsuenak “energia metatzeko saiakuntza laborategia” hartuko du, batez ere ibilgailu elektrikoei zuzendua, Olanok azaldu duenez. Ahaldun nagusiaren ahotan, Europa hegoaldean garrantzitsuena izango da, Alemanian dagoen batekin alderagarria soilik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Teknologia Donostia Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena