Ekonomia -

Langabezia

Langabezia tasa % 9,5era jaitsi da Euskadin hirugarren hiruhilekoan

Jaurlaritzak nabarmendu duenez, krisialdia hasi zenetik lehen aldiz % 10etik behera kokatu da tasa.

Una oficina de Lanbide. Foto sacada de un vídeo de ETB
Una oficina de Lanbide. Foto sacada de un vídeo de ETB
Langabezia tasa % 9,5ekoa da EAEn

1:36

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabe kopuruak behera egin zuen Euskadin hirugarren hiruhilekoan, eta krisia hasi zenetik lehen aldiz, % 10etik behera kokatu zen tasa, zehazki, % 9,5ean. Zehatz jarrita, 7.500 langabe gutxiago zenbatu zituzten uztailetik irailera, aurreko hiruhilekoan baino % 0,6 gutxiago. Hartara, 98.700 pertsona zeuden lan barik irailean. Okupazioak ere behera egin zuen, 1.400 pertsonago gutxiago, Eustatek emandako datuen arabera.

2018an bi hamarren baino gehiago jaitsi da langabezia: % 11,6tik % 9,5era egin du behera. Uztailetik irailera, 938.900 okupatu zenbatu zituzten, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 gutxiago ( % 0,1 egin du behera).

Populazio okupatuaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,4koa zen 2018ko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino ehuneko sei hamarren azpitik.

Lurraldeka, Bizkaian jaitsi zen gehien okupazioa, 2.400 okupatu gutxiagorekin. Ondoren, Araba ageri zen (-200). Gipuzkoan, ordea, gora egin zuen okupazioak (1.100 pertsona gehiago).

Hiriburuei dagokienez, Bilbon bajatu zen gehien okupazioa (2.600 pertsona gutxiago zenbatu dituzte); ondoren, Donostia zegoen, 500 pertsonako jaitsierarekin; Gasteizen, okupatutakoen kopurua 100 pertsonatan jaitsi zen.

Emakumeei eragin zien batik bat okupazio-jaisteak: aurreko hiruhilekoan baino 4.800 gutxiago ziren. Gizonen kasuan, aldiz, 3.400 okupatu gehiago zenbatu zituzten.

Jaurlaritzaren balorazioa

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, hirugarren hiruhilekoaren datuak "positiboak" dira, "legegintzaldi honetako helburuetako bat lortu delako: langabezia tasa % 10etik behera jaistea". Artolazabalen iritzian, datuok agerian utzi dute "Euskadi bide onetik doala eta Jaurlaritzak abiatutako plan, programa eta estrategiei esker, enplegu gehiago eta hobea dugula".

Dena dela, ohartarazi du oraindik badirela "lan gabe dauden sektoreak, hala nola, emakumeak edota langabezian denbora asko daramatzatenak". Horiek ere lan merkatura biltzeko "lanean" jarraituko dutela azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Langabezia Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Eustat gaur Eusko Jaurlaritza albisteak