Ekonomia -

2011rako aurrikuspenak

Gipuzkoako ekonomiak hobera egingo du, Adegiren esanetan

Merkatuen egoera normala izatea espero dute enpresen % 50ak. Bien bitartean, ekonomia suspertu egingo dela uste du enpresen % 28k eta % 23k egoera okerrera egingo duela dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako ekonomiaren eta enpresen aurrikuspenak hobetu dira 2011n, Adegik egindako inkestaren arabera.

Konkretuki, merkatuen egoera normala izatea espero dute enpresen % 50ak. Bien bitartean, ekonomia suspertu egingo dela uste du enpresen % 28k eta egoera okerrera egingo duela dio % 23k, abenduan baino 10 puntu gutxiago.

Gipuzkoako enpresen batez besteko fakturazioak % 3 egin zuen gora urteko azken hiruhilekoan, bigarren hazkundea erreskan. Estatuko salmentak espero baino okerrago joan dira, izan ere, % 2,4ko atzerakada izan dute.

Enpleguari dagokionez, datozen hilabeteetan lanpostu guztiak mantentzea espero dute ia enpresen % 73k. % 15ek, ostera, lanpostuak murrizteko borondatea du eta enpresen % 13k datozen hilabeteetan langile gehiago beharko dituztela uste dute.

Gipuzkoako enpresak gehien kezkatzen dituzten faktoreak hauek dira: Espainiako ekonomiaren ahultasuna, lehengaien salneurrien eta horniketaren garestitzea eta soldaten igoera. Bezeroen berankortasunak, ostera, ez ditu kezkatzen, ezta bankuen finantziazioak ere.

Estortsioa eten da

Gipuzkoako enpresaburuek ETAren estortsio gutunak azaroaz geroztik jaso ez dituztela esan du gaur Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak.

2010eko azaroaz geroztik gutun berririk jaso ez dutela azaldu du Zubiaurrek. Patronaleko presidentearen ahotan, "lasaitasun egoera positibo bat mantentzen da, indarkeria mota horren gabeziarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea