Ekonomia -

LAGUNTZAK

Amatasun bajen PFEZa itzultzeko prozedura abian da Gipuzkoan

Atxikitako dirua itzultzeko formularioa eskuragarri dago jada Gipuzkoako Foru Ogasunaren webgunean.

ETBko bideo batetik ateratako irudia.
ETBko bideo batetik ateratako irudia.
ETBko bideo batetik ateratako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Ogasunak abian jarri du amatasun bajen PFEZa itzultzeko prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko ogasunek atzo prestazio hauek salbuetsita uzteko erabakiaren ondotik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean bidez jakinarazi duenez, itzulera eskatzeko inprimakia eskuragai jada dago foru erakundearen web orrian eta Ogasuneko bulegoetan, eta aurki egongo da Zergabidea plataforman.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak helaraziko dio Ogasunari ordaindutako prestazioei buruzko informazioa eta, honen ondorioz, zergadunek ez dute bestelako dokumenturik aurkeztu beharko eskaria egiterako orduan. Inprimakiak zergadunaren izena, helbidea, NAN zenbakia eta berrikustea eskatzen den PFEZaren likidazioaren urtea bakarrik eskatzen dizkio zergadunari.

Idatzia Zergabidea plataformaren bidez aurkeztu daiteke, telematikoki, "modurik arin eta erosoena", Aldundiaren esanetan. Aukera hori datorren astean aktibatuko dute. Bitartean, dokumentua Ogasunaren edota Gipuzkoako Foru Aldundiaren edozein bulegotan aurkeztu daiteke, edota posta bidez bidaltzeko aukera ere badago.

Inprimakiaren bitartez, preskribatu gabe dauden ekitaldietako errenta aitorpenak zuzentzeko eskatuko dute zergadunek, eta honela amatasun prestazioak salbuesteagatik dagokien itzulketa lortu.

Errenta aitorpena aurkeztu ez zutenek, orain aurkeztu beharko dute, dagokien itzulketa jaso ahal izateko.

2018 urteari dagozkien prestazioei dagokienean, aurtengo Errenta kanpainan erregularizatuko dira. Datorren urteko apirila eta ekainaren artean egingo da kanpaina hau.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak oraingoz ez du argitu amatasun bajengatik ezarritako atxikipena bueltatzea eskatzeko prozedura zein izango den.

Araban, berriz, ofizioz egingo dute. Datorren urriaren 22tik aurrera inprimaki bat jarriko dute kaltetuen eskuragarri, eta euren kontu korrontea zein den jakinaraztea nahikoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Zergak gaur Gipuzkoako Foru Aldundia