Ekonomia -

Hipoteken zergak

Gorenak azaroaren 5ean argituko du hipoteken gaineko zerga nork ordaindu behar duen

Zerga hori bezeroek barik bankuek ordaindu behar zutela ebatzi zuen ostegunean. Baina biharamunean ebazpena berriro aztertuko zuela iragarri zuen, ezustean.

Auzitegi Gorena. Artxiboko argazkia: EiTB
Auzitegi Gorena. Artxiboko argazkia: EiTB
Auzitegi Gorena. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Gorenak azaroaren 5ean argituko du hipoteken gaineko zerga nork ordaindu behar duen.

Joan den ostegunean, zerga hori bezeroek barik bankuek ordaindu behar dutela ebatzi zuen, baina biharamunean, ezustean, epaia berriro aztertuko  zuela iragarri zuen.

Gaur, Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko presidentea hipotekei lotutako zergen epaia eman zuten magistratuekin bildu da, eta auzia azaroaren 5ean argituko dutela adostu dute.

Jose Luis Martinez Espainiako Bankuen Elkarteko presidenteak azaldu duenez, Gorenak behin betiko erabakia hartu bitartean, "banku bakoitzak bere erabaki propioak hartuko ditu".

Banku nagusiek hipotekei buruzko informazioa kendu dute euren webguneetatik eta erakunde asko hipotekak emateko baldintzak aztertzen ari dira. Hala ere, epaia ezagutu aurretik onartu zituzten hipotekak sinatzeari ez diote utzi.

Auzitegi Goreneko presidentea ebazpena eman zuten Administrazioarekiko auzietako hirugarren sekzioko salako sei magistratuekin bildu izana eta epaia osoko bilkuran berriro aztertzea ezohiko kasua da.

Hipotekei lotutako zergak bankuek ordaindu behar zutela ebatzi zuen egunean, Espainiako Burtsan kotizatzen duten bankuek galera nabarmenak izan zituzten. Biharamunean, ebazpena berriro aztertuko zutela jakinarazi zuen Luis Maria Diez-Picazo hirugarren sekzioko salako presidenteak, "erabaki hark izan zuen eragin ekonomiko eta sozial handia kontuan hartuta".

2018ko otsailean, aipatu zerga bezeroek ordaindu behar zutela ebatzi zuen Auzitegi Gorena. Urriaren 18an, berriz, zerga hori bankuek ordaindu behar zutela erabaki zuen. Eta orain, bi asteko tartea hartu du erabaki definitiboa hartzeko.

Azken ebazpenari eusten badio, Ogasun Ministerioren arabera, 3.631 milioi euro itzuli beharko dizkiete bankuek azken lau urteotan –ebazpenak 2014ko urritik 2018ko uztaila bitartean sinatutako hipotekengan du eragina- izan dituzten bezeroei -1,5 milioi pertsona inguru-.

Erabaki honek Botere Judizialaren independentzia zalantzan jarri duela salatu dute hainbat epaile eta magistratuk. Ildo horretan, Demokraziaren Aldeko Epaileen elkarteak Luis Maria Diez-Picazo presidentearen dimisioa eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Hipotekak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Higiezinen merkatua gaur