Ekonomia -
Ramon Vizcainoko lan-gatazka
Langileek ukatu egin dute hiru zuzendari atxiki dituztela
Datorren hilabetean langabezia kobratu ahal izateko lana erregulatzeko txostena ahalik eta azkarren eskatzea nahi dute langileek eta zuzendaritzaren aldetik konpromiso hori nahi dute.
Erredakzioa
Ramon Vizcaino konpainiako enpresa-batzordeak ukatu egin du langileek zuzendaritzako hiru kide eta aholkulari bat atxikita dituztenik, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Are gehiago, langileen ordezkariek adierazi dutenez, zuzendaritzak esan die ordubete barru akordio proposamen bat aurkeztuko diela.
Ordu batzuk lehenago enpresako langile talde batek enpresako hiru zuzendari eta aholkulari bat Oiartzungo lantegian atxikita zituela zabaldu da.
Langileen eskaria da zuzendaritzak lehenbailehen eska dezala "premiazko" lana erregulatzeko espedientea, datorren astean has daitezen langabezia kobratzen. Gainera, langileekin duen zorra onartzeko eskatzen diote enpresari.
Horrela, hartzekodunen lehiaketan pilatuko den zorra kitatzeko enpresa-batzordeak zorraren existentzia kolektiboki onartzeko eskatu dio zuzendaritzari.
Langileek batzarra egin zuten atzo arratsaldean eta enpresaren egoeraren berri izan zuten. Konpainiaren itxieran ahalik eta kalte txikiena izateko aukera guztiak aztertu zituzten langileek. Goizean langileen ordezkariak sindikatuetako aholkulariekin bildu dira.