Ekonomia -
BILERA
ELAk lan erreformak bertan behera uztea eskatu dio Espainiako Lan ministroari
Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusia Magdalena Valerio Lan ministroarekin batzartu da Madrilen eta Estatuko hitzarmenek duten lehentasuna indargabetzea ere galdegin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak bi eskari nagusi egin dizkio Magdalena Valerio Espainiako Lan ministroari: azken hiru lan erreformak bertan behera uztea, "lan-baldintza duinak bermatzeko", eta negoziazio kolektiboaren "estatalizazioa" indargabetzea.
Atzo Madrilen egindako bileran helarazi zizkion eskaerak ELAko idazkari nagusiak Espainiako Lan ministroari. Aipaturiko horiez gain, soldata arrakalarekin amaitzeko lege bat eratzea eta Euskal Autonomia Erkidegoak pentsioak arautzeko eskumena izatea galdegin dio.
Sindikatuaren esanetan, azken hiru lan erreformak ezinbestekoak izan dira langileen lan-baldintzak eta langile klasearen bizi-baldintzak okertzeko eta, beraz, horiek indargabetzea nahitaezkoa da. Erreforma horien artetik negoziazio kolektiboaren estruktura berriak jokatutako papera azpimarratu du, ELAren hitzetan, "enpresa zein estatuko hitzarmenei lehentasuna ematea lan-baldintzen debaluaziorako estrategian ezinbestekoa izan baita".
Lan ministroaren aurrean, negoziazio kolektiboaren "estatalizazioa" ere salatu zuen: "Estatalizazioak sindikatu zein patronalek daukaten ordezkaritzaren arabera lan-baldintzak adostu ahal izatea debekatzen du. Hego Euskal Herrian hainbat sektoretan gutxiengo diren eragileek aukera dute gehiengoaren ordezkaritza duten sindikatuei eta patronalei negoziazioa blokeatzeko".
ELAren iritziz, "bai ikuspuntu demokratikotik, zein lan-baldintzak hobetze aldera, Sanchez presidente egin duen alderdi batek ere ez lioke estatalizazioa mantentzen duen lan-erreforma bati bere oniritzia eman beharko".