Ekonomia -
Bizkaian eta Gipuzkoan
Erakundeek 64 milioi euro bideratuko dituzte 'eremu ahulak' suspertzeko
Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea bezalako eremuetan enplegua sortzea eta gizarte-garapena hobetzea da planaren helburu nagusia.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal erakundeek 64 milioi euro bideratuko dituzte Eusko Legebiltzarreko Batzordean “ahul” gisa izendatutako eremuetara; lanpostu berriak sortu, gizarte-garapena hobetu eta ekonomia suspertzeko asmoz. Hala jakinarazi du Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak. Bizkaian, Ezkerraldean eta Meatzaldean izango du eragina neurri horrek. Gipuzkoan, berriz, Oarsoaldean.
‘Talka Plana’ Eusko Jaurlaritzak koordinatu duen arren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldeko udalek eta eskualdeetako garapen-agentziek ere elkarrekin prestatu dute. Hala, eremu horietan garapen ekonomikoa sustatzeko proposamena aurkeztu dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen Batzordean.
Txosten hori prestatzeko orduan egindako lana goraipatu du Tapiak, baina plan estrategiko horretan aurreikusitako ekintzetan “berritasun” falta agerikoa dela leporatu diote oposizioko alderdiek. Dena dela, Batzordean “ahul” gisa izendatutako eremuetan (Ezkerraldean, Meatzaldean eta Oarsoaldean) indarrean dauden neurri guztiak sendotu eta garapen ekonomikoa suspertzea du helburu.
Planak 2018-2019 eperako ekimen berriak eta bereziak jaso ditu, martxan diren eta sendotu eta areagotu egin diren beste neurri batzuekin batuta. Martxan diren ekintza horietako asko Legebiltzarrean 2015aren eta 2018aren artean eginiko ponentziaren testuinguruan ezarri ziren. Besteak beste, heziketara, enplegura, etxebizitzetara eta industriara bideratutako diru-laguntzak aurreikusten ditu planak.
Eremu ahuletan garapen ekonomikoa bultzatzeko plana Eusko Legebiltzarrak agindu zuen, eta bertan aurreikusita dauden neurriak Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udalerritan izango dute eragina. Bizkaiari dagokionez, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko 10 udalerritan izango dute eragina. Gipuzkoan, berriz, Oarsoaldean, Hernanin, Hondarribian eta Irunen.
Aztertutako udalerriek 450.000 biztanle baino gehiago dituzte, guztira, Euskadiko biztanleria osoaren % 21. Planak 17 udalerritan eragina izango badu ere, “enfasi berezia” jarriko da nukleo-eremutzat jotzen diren 14 udalerrietan: Abanto Zierbena, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Zierbena eta Erandio (Bizkaian). Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Hernani, Hondarribia eta Irun (Gipuzkoan).
Planak aurreikusten dituen 18 ekintzen bidez, eremu horietan antzemandako mugak hobetu nahi dira eta suspertze ekonomikoan lagundu, bai eta enpleguaren sorreran, etxebizitza-parkearen kalitatearen hobekuntzan eta birgaitzean. 2018-2019 aldirako aurrekontua 64,15 milioi eurokoa da.