Ekonomia -
Istripu ez traumatikoak
Bi langile hil dira Castejonen eta Eibarren
Construcciones y Obras Vitorino Vicente SL enpresako behargin bat hil zen urriaren 31an, in itinere istripu batean. Gainera, Eibarko ABC konpainiako beste langile bat hil da astelehen honetan.
eitb.eus
Azken egunetan bi langile hil dira Hego Euskal Herrian, LAB sindikatuak agiri batean jakitera eman duenez. Castejoneko (Nafarroa) Construcciones y Obras Vitorino Vicente SL enpresako behargin bat hil zen urriaren 31an, in itinere istripu batean. Gainera, Eibarko (Gipuzkoa) ABC konpainiaren 57 urteko langile bat hil da 10:00ak aldera astelehen honetan. Azkena ADECCOk azpikontratutako behargin bat zen.
Hildakoen senitartekoei eta lagunei “babesa eta elkartasuna” adierazi die LABek, baita langileriari ere.
Sindikatuak salatu duenez, “ezbehar ez traumatikoak, Eibarren gertatutakoa bezalaxe, lan-istripuak dira. Ez dira halabeharrez ala zoritxarrez gertatzen lanaldian”.
“Lan-baldintzak, presioak eta estresa istripu kardiobaskularrak gertatzeko faktore garrantzitsuak direla demostraturik dago; are gehiago, lan-istripuen zergati nagusia bihurtu dira”, erantsi duenez.
Horregatik, “lan-baldintza duinak lortzeko borroka” egitera deitu du LABek.
Bestalde, ABC konpainiako enpresa-batzordeak ordu erdiko lanuztea egingo du astearte honetan. Lanuztea 13:45etik 14:15era egingo dute, eta aldi berean, beharginek protesta egingo dute lantegiaren aurrean, Eibarren (Azitain industrialdea).