Ekonomia -

HIPOTEKEN ZERGAK

Hipoteken zergaren balizko itzulketak 5.000 milioiko eragina izango luke Espainian

Auzitegi Gorenak erabakiz gero zerga hori bezeroek ordaindu beharrean bankuek ordaindu behar dutela, diru hori itzuli beharko dute bankuek, Ogasun Ministerioak egindako kalkuluaren arabera.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa
Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak gaur emandako datuen arabera, 5.000 milioi euroko eragina izango luke hipoteken zergaren balizko itzulketak, baldin eta azkenean Auzitegi Gorenak erabakitzen badu zerga hori bezeroek ordaindu beharrean bankuek ordaindu behar dutela.

Ministroak Cinco Días foroan eskaini duen hitzaldian azaldu duenez, Sanchezen Gobernuak egitasmo bat prest dauka azkenean Auzitegi Gorenak bezeroen aldeko erabakia hartzen badu martxan jartzeko. Auzitegi Gorena hipoteken gaineko zergaren inguruan eztabaidatzen ari da, atzo zortzi orduko bilera egin ostean.

Monteroren esanetan, behin erabakia publiko egiten denean, autonomia erkidegoekin eta finantza erakundeekin hartu beharreko neurriak koordinatu beharko dituzte. Ez hori bakarrik, kaltetuek egindako erreklamazioek finantza erakundeei egindako erreklamazioekin bat egitea nahiko luke, "defizit" hori diru kutxa publikoek beren gain hartu beharrik izan ez dezaten.

Ministroaren hitzetan, kaltetuek dirua autonomia erkidegoei eskatzen dietenetik Administrazioak bankuei dirua eskatzen dien bitartean denbora igaroko litzateke, eta gastu hori, behin-behinean, Estatuak hartuko luke bere gain. Zehazki, lauzpabost hamarreneko eragina izango luke Espainiako Barne Produktu Gordinean. Hori gertatuz gero, Pedro Sanchezen Gobernuak Bruselarekin hitz egingo du, defizitean izandako gorabehera hori hipoteken gaineko zergaren ondorio dela azaltzeko.

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako osoko bilkurak gaur jarraituko du hipoteken gaineko zergaren inguruan eztabaidatzen. Zerga nork ordaindu behar duen erabaki behar du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua bideoak Espainia Hipotekak berriak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Etxebizitzen merkatua