Ekonomia -

Irizpide aldaketa berria

Gorenak atzera egin du, eta bezeroak behartu ditu hipoteken zergak ordaintzera

Bi eguneko eztabaidaren ondotik, helegitea atzera botatzea eta urriaren 18ko epaiaren aurreko doktrina berreskuratzea erabaki du Administrazioarekiko Auzien Salak.

Hipoteka sinatzen
Hipoteka sinatzen
Hipoteka sinatzen

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga hipoteken bezeroek ordaindu beharko dutela adostu du gaur Auzitegi Gorenak. Ondorioz, atzera egin eta duela hiru aste ezarritako doktrina berriro aldatu du; izan ere, zerga bankuek ordaintzea ebatzi zuen.

Bi eguneko eztabaidaren ondotik, helegitea atzera botatzea eta urriaren 18ko epaiaren aurreko doktrina berreskuratzea erabaki du Administrazioarekiko Auzien Salak (aldeko 15 boto eta kontrako 13). Honenbestez, hipotekadunak zerga ordaindu beharko du.

Horrela, urriaren 16ra arte indarrean izan zen irizpidera itzuliko da Gorena, datozen egunetan argitara emango duen sententzian. Hipoteka jabetza-erregistroan aurkeztean, onuraduna bezeroa da eta ondorioz, zerga berak ordaindu behar du, Gorenaren arabera.

Urriaren 18an zabaldutako hiru sententzietan, aurreko doktrina baliogabetu zuen Gorenak, eta zerga bankuek ordaintzea erabaki zuen, subjektu pasiboa mailegu-emailea zela iritzita.

Bankuek 5.000 milioi euroko galera izan zuten egun bakarrean, burtsan. Luis Maria Diez Picazo salako presidenteak osoko bilkura deitu zuen orduan. Bilera astelehenean hasi eta ia 16 ordu luzatu da.

Erabakia berehala kritikatu dute kontsumitzaileen elkarteek. Zerga ordaindu behar ez izateko, mezu “engainagarriak eta alarmistak” zabaltzea egotzi dio Facuak finantza sektoreari. Hala ere, zoru klausulekin gertatu bezala, Europar Batasuneko Auzitegiak justizia egingo duela uste du bozeramaile batek.

Bestalde, erabaki judizialak errespetatzeko borondatea berretsi eta segurtasun juridikoa eskatu dute bankuek. Oraingoz azken erabakiaren inguruan ez dute espresuki iritzirik eman.

Astelehenean, Goreneko salak aurreneko osoko bilkura bukatu ondoren, IBEX 35 Espainiako Burtsaren adierazle nagusiak % 0,20 egin zuen gora, finantza sektoreak lagunduta. Gaur, ostera, % 0,24 egin du behera, 9.000 puntu galduta. Hala ere, asteazkeneko saioan galdutakoa berreskuratzea espero da.

Kontsumobidek gogora ekarri duenez, Euskadin ez da ordaindu behar ohiko etxebizitzaren hipotekaren gaineko zerga.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Espainia bideoak Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza albisteak