Ekonomia -

400 milioi euro

Ministroen Kontseiluak langabetuentzako 400 euroko laguntza onartu du

Otsailaren 16tik aurrera eskatu ahal izango dute laguntza hori langabeziako sorospena agortu duten guztiek, baina aurreko 426 euroko laguntza jaso zutenek ez dute hori jasotzeko aukerarik izango.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laguntzarik gabeko langabetuek 400 euroko laguntza berria sei hilabetez jaso ahal izango dute otsailaren 16tik aurrera, baina aurretik 426 euroko laguntza jaso zutenek ez dute hori jasotzeko aukerarik izango.

Gobernuak sustatutako eta Ministroen Kontseiluak gaur onartutako laguntza ekonomiko hori gaitasun profesionalerako programaren menpe dago, eta Gobernuak eta solaskide sozialek hitzartutakoaren ondorioa da.

Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteordeak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan jakinarazi duenez, laguntza horretarako bideratuko diren 400 milioi euroek ez dute gastua handituko, izan ere, 200 milioi Lan Ministeriotik aterako dira, eta beste 200 milioiak gainerako ministerioetatik lortuko dituzte.

Valeriano Gomez Lan ministroaren hitzetan, programak sei hilabeteko iraupena dauka, eta hori luzatzeko aukera badago, baina horretarako, programa berri bat zehaztu beharko lukete enpresaburuekin eta sindikatuekin.

Otsailaren 16tik aurrera eskatu ahal izango dute laguntza hori langabeziako sorospena agortu duten guztiek eta langabetuaren familia-unitatearen diru-sarrera lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 gainditzen ez dutenek. 2011ko lanbide arteko gutxieneko soldata 641,40 euro dira.

Bestalde, lan-munduan txertatzeko langabetuari egokitutako ibilbideari lotuta dago laguntza hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea