Ekonomia -
Finantza-sistema
Aurrezki-kutxak erosteko agindurik espero ez duela esan du BBVAk
Zailtasunetan diren aurrezki-kutxak erosteko Gobernuaren edo Espainiako Bankuaren agindurik jasotzea espero ez duela adierazi du BBVAk. Espainiako finantza-sistema fidagarria dela uste du bankuak.
Erredakzioa
Zailtasunetan diren aurrezki-kutxak erosteko Gobernuaren edo Espainiako Bankuaren agindurik jasotzea espero ez duela adierazi du gaur Anjel Cano BBVA bankuko kontseilari delegatuak.
Deustuko Unibertsitateak mintegi bat antolatu du Bilbon, eta bertan aurrikuspen ekonomikoak aztertu ditu Canok. Egiteke dauden erreformak ahalik eta azkarren bideratzea eskatu du Canok, "merkatuetako zalantzak desagertarazteko".
Espainiako finantza-sistemaren egoera fidagarria dela errepikatu du BBVAko kontseilari delegatuak, eta aurrezki-kutxetako krisia "maneiagarria" dela erantsi du.
Aurrezki-kutxa gehienak banku bihurtzeko "aukera handiak" daudela esan du Canok. Estatuak kutxetako kapitalean sartu beharra ez du baztertu Canok. "Sektore pribatuko norbait kutxetako kapitalean sartzea zaila" dela onartu du BBVAko kontseilari delegatuak.
Egoera ekonomikori buruz, aurten Europako herrialdeetan krisirik espero ez duela azpimarratu du kontseilari delegatuak. Ondorioz, "erreskate" operaziorik ez da beharrezko izango, Canoren ahotan.