Ekonomia -

Osakidetza

Mugicaren dimisioa 'berandu' heldu dela uste dute LABek eta UGTk

Bestalde, Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioa “erabaki pertsonala” izan dela azpimarratu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuaren hitzetan, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioa “beharrezkoa zen, baina berandu heldu da” eta “ez da nahikoa Osakidetzaren egoera kaotikoa” konpontzeko, lan eskaintza publikoaren irregulartasunak argitara eman zirenetik “arazoari aurre egiteko Zuzendaritzaren gaitasun eza argi geratu zelako”.

Sindikatuak agiri batean salatu duenez, Mugicaren dimisioa “lan eskaintzako filtrazioen eskandalua konpontzeko bermerik ez da; zero minututik, Mugicak zein Darponek eskandalua estaltzea eta iritzi publikoari gezurra esatea erabaki zutelako”.

Dimisioa “Osakidetzan zerbait aldatzeko bermerik ez” dela uste du sindikatuak. “Lehendabizi, Mugicarekin batera dimisioa ematen aurrena Darpon sailburua izan beharko luke”, erantsi du.

Era berean, Mugicaren dimisioa “berandu” iritsi dela ohartarazi du UGTk. Ustezko irregulartasunen “erantzukizunak garbitzen” ari direnik esan nahi ez duela nabarmendu du sindikatuak.

Erkoreka: "Errespetatzen, aintzat hartzen eta eskertzen dugun erabakia da"

Lan eskaintza publikoko azterketak errepikatu behar dituzten pertsonentzako “bermerik” ez dela ziurtatu du sindikatuak agiri batean. “Epaimahaietan pertsona berdinak mantentzen diren bitartean, egoera berean izango gara”, gaineratu du.

Gertatutakoa “Eusko Jaurlaritzako” sarbide politiken ondorio dela uste du UGTk, “eta ez dio bakarrik Osakidetzari eragiten, EAEko Administrazio osoari baizik”.

Bestalde, Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioa “erabaki pertsonala” izan dela azpimarratu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, lan eskaintza publikoaren prozesua ez oztopatzeko.

“Errespetatzen, aintzat hartzen eta eskertzen dugun erabaki bat da”, nabarmendu du Jaurlaritzako bozeramaileak. Mugica “giza maila eta EAEko Administrazio Publikoaren barruan prestigio handiko profesional” bat dela adierazi du Erkorekak.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoek eta beste sindikatu batzuek iritzia ostegunean bertan eman zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak UGT