Ekonomia -

Europako gizarte segurantza

EBk Espainia epaituko du pentsiodunak diskriminatzeagatik

Denboraldi baterako Espainian bizi diren Europar Batasuneko erretiratuei sendagaiak doan eskuratzea galarazten dietela salatu du Europako Batzordeak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako Gobernua epaituko du denboraldi baterako Espainian bizi diren Europar Batasuneko erretiratuei sendagaiak doan eskuratzea galarazten diela leporatuta.

Europako Batzordeak uste du Espainiako araudia ez dela "EBko araudiarekin bateragarria, izan ere, Estatu kideetako pentsiodunak diskriminatzen dituzte".

Europako gizarte segurantzaren legediaren arabera, denboraldi batean beste estatu kide batean bizi diren pentsiodunek bertakoek adina eskubide dituzte osasun arreta jasotzeko, Europako Osasun Txartela erabilita.

Espainiako pentsiodunek sendagaiak doan jasotzeko eskubidea dutenez, EBko beste estatu kideetakoek ere izan behar dute Espainian daudenean, Europako Batzordearen arabera.

Baina Espainiako Gobernuak esan du Europako Osasun Txartelean ez dela zehazten jabeak pentsiodunak ote diren. Hori dela eta, Espainian beste agiri bat eskatzen dute pentsiodunak direla egiaztatzeko.

Batzordeak salatu du horrek EBko araudia urratzen duela eta "Europako Osasun Txartelaren helburuarekin kontraesankorra" dela, "prozedurak erraztea" baita helburua.

Europako Osasun Txartela 2004ko ekainaren 1ean hasi ziren zabaltzen, doakoa da eta denboraldi baterako beste herrialde batean dagoenari osasun arreta jasotzeko eskubidea ematen dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea