Ekonomia -
Hauteskunde sindikalak
LAB da sindikatu nagusia EAEko irakaskuntza publikoan
CCOO lehenengo postutik laugarreneraino jaitsi da. LABek 80 ordezkari eskuratu ditu, ELAk 61, STEE-EILASek 60, CCOOk 51 eta UGTk 22.
Erredakzioa
LAB sindikatua izango da datozen urteetan sindikatu nagusia EAEko irakaskuntza publikoan, bai unibertsitatean bai unibertsitatetik kanpo. Hori horrela, CCOOri lekua kendu dio eta sindikatu hori laugarren postura arte jaitsi da.
Atzo egin zituzten hauteskunde sindikaletan 32.000 langilek zuten botoa emateko eskubidea eta LABek 80 ordezkari (lehen 65 zituen) lortu zituen, sindikatuko iturriek jakitera eman dutenez. Horren atzetik geratu ziren ELA 61 ordezkarirekin (lehen 62 zituen), STEE-EILAS 60rekin (lehen 54), CCOO 51rekin (67) eta UGT 22rekin (lehen 23).
LAB nagusi izan zen irakaskuntza publikoan bai Euskal Herriko Unibertsitatean bai unibertsitatetik kanpo.
Sindikatu abertzaleak 57 ordezkari lortu ditu unibertsitatetik aparteko irakaskuntzan, ELAk 48, STEE-EILASek 40, CCOOk 34 eta UGTk 9.
Sektore horretako irakasleen gehiengoak, hala ere, STEE-EILASi (30 ordezkari) eman dizkio boto gehien, eta ondoren geratu dira LAB (24), CCOO (21), ELA (19) eta UGT (5).
Euskal Herriko Unibertsitateari dagokionez, LABek 23 ordezkari izango ditu, STEE-EILASek 20, CCOOk 17, ELAk 13 eta UGTk beste hainbeste.
Agiri baten bidez, CCOOk LAB eta STEE-EILAS zoriondu ditu.
STEE-EILASk, bere aldetik, uste du emaitzak "Hezkuntza Sailaren inposaketen" eta "CCOOk eta UGTk soilik sinatutako lan-hitzarmen kaltegarriaren erantzuna" direla.