Ekonomia -

Jaurlaritzaren datuak

Kontsumoaren inguruko kexak % 10 igo ziren EAEn 2010an

Garraioen sektorean izan da igoerarik handiena, baina telekomunikazioen sektorea da, oraindik ere, kexa gehien eragiten dituena (hamarretik lau).

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumoaren inguruko kexek % 10 egin zuten gora 2010ean, aurreko urtearekin alderatuta, gaur Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Garraioen sektorean izan da igoerarik handiena, baina telekomunikazioen sektorea da, oraindik ere, kexa gehien eragiten dituena (hamarretik lau).

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburu Rafael Bengoaren hitzetan, euskal herritarrak "gero eta gehiago jabetzen dira kontsumitzaile gisa duten paper ezin garrantzitsuagoaz". Hori azpimarratu du gaur goizean, Bilbon, kontsumoko zuzendari Ana Collíarekin batera egindako 2010eko kontsumoko balantzearen aurkezpenean.

Horrez gain, aurten Kontsumobide - Kontsumoaren Euskal Institutua martxan jarri izanak aukera emango du, Rafael Bengoaren iritziz, "pauso tinkoago eta eraginkorragoez aurrera egiteko, kontsumitzaile arduratsuak hezi eta prestatzeko bidean ez ezik, merkatuaren kontrol zorrotzagoa eta informazio gardenagoa bermatzeko eta, gatazkak konpontzeko biderik egokien gisara, arbitraje-sistemari bultzada emateko bidean ere bai".

Iaz, 55.356 izan ziren jasotako kontsultak. Gehienak telekomunikazioei eta telefonia-zerbitzuei buruzkoak izan ziren (15.244, hau da, % 28); horien ondoren, baina oso urrun, etxebizitzari eta higiezinen sustapenari eta hornikuntza-zerbitzuei (energia, ura...) buruzkoak datoz (4.000 baino zertxobait gehiago), eta, horien atzetik, etxeko tresna elektrikoei eta garraioei buruzkoak (bi kasuetan, 3.500 bat).

Kontsulta guztietatik % 50 kontsumitzailearen informaziorako udal-bulegoetan (KIUB) egin ziren; % 39, Osasun eta Kontsumo Sailak hiru hiriburuetan dituen bulegoen bidez (kontsumo-eremuetan edo 900 600 500 doako telefonoaren bidez); eta gainerako % 11, kontsumitzaileen elkarteetan.

Kontsulta gehienak aurrez aurre egin ziren (29.000 baino gehiago) edo telefonoz (23.000 baino gehiago). Posta elektronikoz (1.709) edo webgunearen bidez (1.060) ere egin ziren, 2009an baino gehiago, nahiz eta aurreko kopuruetatik urrun egon oraindik.

Erreklamazioak, denetara, 21.759 izan ziren, hau da, 2009an baino % 9,6 gehiago. Erreklamazio horietatik % 19 Araban aurkeztu ziren; % 57, Bizkaian; eta % 24, Gipuzkoan.

Telekomunikazioen sektoreak eragin zituen erreklamazio gehien, guztien % 39, zehazki. Horren ondoren, garraioa dator (% 9), eta, segidan, etxetresna elektrikoa, informatika, ikus-entzunezkoak (% 7), hornikuntza-zerbitzuak (% 7) eta ibilgailuak (% 5).

Aurreko urteko datuekin alderatuta, gehikuntzarik handiena, 2010ean erregistratutako erreklamazioen kopuruari dagokionez, ez zen telekomunikazioen alorrean izan -lehena da rankingean, zenbateko absolutuetan-, garraioaren alorrean baizik.

Alor horretan, 2009an baino % 44 erreklamazio gehiago izan ziren 2010ean, eta telekomunikazioen alorrean, berriz, % 34 gehiago. Elikagaien alorrean izandako % 25eko gehikuntza ere, nabarmentzeko modukoa da. Beste muturrean jarrita, atentzioa ematen du zenbait zerbitzurekin lotutako erreklamazioak gutxitu izanak; adibidez, tindategi eta ikuztegiekin (-% 36), etxebizitza-sustapenarekin eta etxeko konponketekin (-% 31) edo banku-zerbitzuekin (-% 25) lotutakoak.

Eusko Jaurlaritzaren eta hango Kontsumo Sailaren bidez zuzenean tramitatutako 8.560 erreklamazioetatik 6.509 ebatzi ziren 2010ean, eta ebatzitako hamar erreklamaziotik ia zazpi, bitartekaritzaren bidez.Osasun eta Kontsumo Sailak 4.569 ikuskapen-jarduera egin zituen, eta, jarduera horien ondorioz, 162 zehapen-espediente ireki zituen; denetara, 150.000 euro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea