Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Lanbidek hatz marka digitala bulego guztietan ezarriko du 2019ko martxotik aurrera
Dagoeneko hamar bulegotan erabiltzaile eta langileak identifikatzeko erabiltzen ari direla gogorarazi du Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Lanbideko langile eta erabiltzaileak hatz marka bidez identifikatzeko sistema behin betiko ezarriko dute enplegu zerbitzuaren 42 bulegoetan 2019ko martxotik aurrera, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak iragarri duenez. Sistema proba fasean dago egun.
Hatz marka bidezko identifikazio digitalaren inguruan galdera egin dio PPk Artolazabali Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Identifikazio metodoaren ezarpena iragarri eta bi urte geroago behin betiko martxan jarri ez izana kritikatu du Laura Garrido PPko legebiltzarkideak. Horregatik, Lanbideren kudeaketa hobetzeko zein neurriak martxan jartzeko orduan Eusko Jaurlaritzaren “atzerapena” salatu du Garridok.
Dagoeneko hamar bulegotan erabiltzaile eta langileak identifikatzeko erabiltzen ari direla gogorarazi du Artolazabalek. Sailburuaren ahotan, sistema ezbaian jarri dute sektore batzuek, datuak babesteko inplikazio eta Lanbideko erabiltzaileen “estigmatizazio” arriskua dela eta.
2019ko martxotik aurrera erakundearen 42 bulegoetan behin betiko martxan jarriko dutela iragarri du sailburuak. “Datu biometrikoak borondatezko irizpidearekin erabiltzeko egutegia betetzen ari gara”, erantsi du Artolazabalek.
Oraingoz 9.005 pertsonak “borondatez” identifikazio sistema erabili dutela zehaztu du Artolazabalek. Metodoa Lanbideren sare osoan ezartzeko prozesuak denbora behar duela azaldu du sailburuak, “konplexua” delako eta “fidagarritasunez eta berme guztiekin” egin behar delako.
Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak agiri batean iragarri duenez, hatz marka digitalaren “derrigortasuna edo eskakizuna” Eusko Legebiltzarrak zehaztu beharko du.