Ekonomia -
Administrazio-kontseilua
Onur Genç turkiarra kontseilari izendatu du BBVAk
Kontseilari delegatu berria banku barruan boterea irabazten joan da. Horrela, 2016ko bukaeran BBVA Compasseko (AEBko filiala) buruzagi izendatu zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Onur Genç turkiarra kontseilari delegatu izendatzea adostu du gaur BBVAko Administrazio-kontseiluak. Orain arte Ameriketako Estatu Batuetako filialaren arduradun nagusia izan da, eta aldez aurretik Garanti Bank Turkiako bankuaren “bigarrena”.
Aldaketa abenduaren 31n gauzatuko da; ondorioz, Genç 2019ko hasieran jabetuko da karguaz, Carlos Torres Vila egungo kontseilari delegatua presidente exekutibo izatera pasatzen den unean; Francisco Gonzalezek azken ardura hori utziko baitu, bi hamarkadaren ondotik.
Kontseilari delegatu berria banku barruan boterea irabazten joan da. Horrela, 2016ko bukaeran BBVA Compasseko buruzagi izendatu zuten, Garanti Bank Turkiako bankuan ibilbide luzea izan ondoren. BBVA Compass AEBko filiala da.
Bankuak agiri batean zehaztu duenez, kontseilari delegatuaren ondorengotza plana aho batez onartu du gaur kontseiluak, Onur Genç ordezko izendatuz.
Ameriketako Estatu Batuetan zein Turkian, BBVAren operazioetan Gençek izandako eragin “hain positiboa” goraipatu du Torres Vilak.
Bestalde, “erronka handiari heltzeko” orduan administrazio organoaren konfiantza eskertu du kontseilari delegatu berriak. Taldearen asmo eta balioetan “sakon” sinesten duela ziurtatu du Gençek.