Ekonomia -

Analisia

Soldaten pisua gero eta txikiagoa da ekonomian, ELAren esanetan

Sindikatuaren iritziz, "gutxi batzuen irabaziek kalte egiten diote langile-klaseari"; adierazi dutenez, soldaten pisuak 2.000 milioiko beherakada izan du azken hamarkadan.

ELAk salatu duenez, soldaten pisua gero eta txikiagoa da. Argazkia: ETBren bideo batetik hartuta.
ELAk salatu duenez, soldaten pisua gero eta txikiagoa da. Argazkia: ETBren bideo batetik hartuta.
ELAk salatu duenez, soldaten pisua gero eta txikiagoa da. Argazkia: ETBren bideo batetik hartuta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Noval ELAren Ikerketa arduradunak salatu duenez, euskal ekonomian soldatek duten pisuak behera egin du azken urteotan; izan ere, 2017an Barne Produktu Gordinaren % 47,39 izan dira, eta 2009an, aldiz, % 50,29. Novalek ohartarazi duenez, "gutxi batzuen irabaziek kalte egiten diote langile-klaseari", eta azpimarratu du "soldaten pisuak 2.000 milioiko beherakada izan duela, azken hamarkadan", Euskadin.

Datu hori, sindikatuaren iritziz, hurrengo arrazoien ondorioa da: erosteko ahalmenean murrizketa egon izatea, lan-eskubideek eta lan-baldintzek ere murrizketak pairatu izatea, eta enpleguak behera egin izatea.

Soldaten bilakaerari buruz hitz egiteko deitutako prentsaurrekoan, Bilbon, Novalek, ELAko kidea ere den Mikel Zabalzarekin batera, zehaztu du hainbat adierazle eta koefiziente daudela errentaren banaketa aztertzeko; ELAk, berriz, Eustaten estatistikak erabili ditu, lanaren eta kapitalaren errenten pisuaren bilakaera ikertzeko, Barne Produktu Gordina ere kontuan izanik.

Esan duenez, eta nahiz eta baliatutako informazioa "partziala" den, agerikoa da nola pilaketa kapitalistak errenten arteko aldeak handitzen dituen; ELAk nabarmendu du soldatak, 2009ko Barne Produktu Gordinean zuten pisuari eutsiko baliote, orain 2.000 milioi euro altuagoak izango liratekeela, EAEn. Hortaz, ondorioztatu dute "soldaten pisuak 2.000 milioiko beherakada izan duela, azken hamarkadan".

Novalek esan du 2017an, Euskadin, lan-errentak 34.986,7 milioi eurokoak izan zirela; datu horrek 2016koa hobetu zuen, % 3,5ean, baina ondorengoa ekarri zuen: soldaten pisuak, ekonomian, BPGren % 47,39raino egin zuela behera, hau da, azken urteotako mailarik baxuenera.

"Ez da bakarrik krisiaren ondorioa"

Azaldu dutenez, "krisiaren hasieraren ostean, hau da, 2009an, lanaren errentarako zihoan zatia % 50,29koa zen"; baina, urte horretatik aurrera, "beherako joera hartu zuen, 2017ko mailara iritsi arte".

Joera hori, krisiak areagotu badu ere, ez da bakarrik krisiaren ondorioa; izan ere, "kapitalismoaren dinamika horixe da; 1985etik, ordainketen pisuak behera eta behera egin du; urte hartan, Barne Produktu Gordinaren % 55,5 zen, 2017koa baino nabarmen handiagoa", esan du.

Laburbilduz, ELAk nabarmendu du hauxe: 2009an, errentari zegokion soldata-zatia kapital-errentenak baino ia 10 puntu handiagoa zela, baina, zortzi urteren buruan, aldea murriztu dela, eta egun ia % 5ekoa da. Noval eta Zabalaren iritziz, hainbat arlotan ezartzen dituzten politikek (Aurrekontuetan, neurri fiskaletan, lan-erreformetan eta negoziazio kolektiboan, adibidez) errenta modu gero eta bidegabeagoan banatzea eragiten dute, eta, hortaz, aldeak gero handiagoak izaten dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Sindikatuak Gutxieneko soldata Euskal Estatistika Erakundea gaur BPGd gaur