Ekonomia -
Abenduan
11 eguneko greba egingo dute trafiko aztertzaileek, lansarien igoera eskatzeko
Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean jasota dagoen osagarri espezifikoaren igoera oraindik ez da aztertzaileen soldatan islatu. Greba deitu dute hilaren 10etik 21era bitartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatuko trafiko aztertzaileek hamaika eguneko greba egingo dute gaurtik aurrera (EAEkoek eta Nafarroakoek barne), Espainiako Gobernuak hitzartutako lansariaren igoera gauzatu ez delako. Trafiko aztertzaileei lansariaren osagarri espezifikoa ordaintzea adostu zuen bere garaian Espainiako Gobernuak, eta hala jasota dago 2018ko Espainiako Aurrekontu Orokorren Legean, baina igoera hori ez dute aztertzaileek euren azaroko soldatan islatuta ikusi.
Grebarekin batera, Asextra Trafiko Aztertzaileen Elkarteak manifestazioa deitu du Madrilen, 12:00etan. Barne Ministerioan hasi eta Langileen Kostuetarako eta Pentsio Publikoetarako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean amaituko da, eta manifestua irakurri eta idatzizko eskaera erregistratuko dute bertan.
2017ko abenduaren 13an, ia sei hilabeteko grebari amaiera eman zioten aztertzaileek, Kongresuko talde parlamentario guztiek (PPk salbu) adostutako neurriei esker. Soldatari dagokionez, trafiko aztertzaileek 10 urte zeramatzaten diskriminazioa pairatzen. Hitzartutako neurriek aztertzaileen soldata igoera aurreikusten zuten (hileko 250 euro inguru), eta hala jaso zuen uztailaren 3ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak.
Dena dela, Asextrak salatu duenez, soldata igoera hori oraindik ez da gauzatu, eta ez dute akordiorik lortu Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren arduradunekin izandako bileretan.
Akordiorik ez badago, trafiko aztertzaileen greba abenduaren 21era arte luzatuko da.