Ekonomia -
Astelehenean, 10:00etan
Macron eragile sozialekin bilduko da gaur, hartuko dituen neurriak azaltzeko
Frantziar Estatuko presidenteak bost sindikatu eta hiru patronal nagusiak deitu ditu "txaleko horien" protestak baretzeko helburua duten neurriak komunikatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Emmanuel Macronek astelehenean hartuko ditu frantziar Estatuko sindikatu nagusiak eta patronala, "txaleko horien" manifestazioek irekitako krisi sozialari emango dion erantzuna komuninatzeko, L’Opinion kazetak informatu duenez.
Presidenteak 10:00etan deitu ditu bost sindikatu nagusiak (CGT, CFDT, FO, CFE-CGE eta CFTC) eta enpresarien hiru elkarte handienak (Medef, CPME eta U2P).
Macronek ez du nahi eragile sozialek prentsaren bidez ezagutzea Estatuak hartuko dituen neurriak. Ondoren, presidenteak neurriok publikoki iragartzea espero da. Mugimendu honekin, Elise Jauregira heldu zenetik urrun izan dituen eragile sozialen laguntza bilatzen du Macronek.
Finantza ministro Bruno Le Mairek ohartarazi duenez, protestak "hondamendia" dira ekonomiarentzat. Larunbatean laugarren protesta jardunaldia izan dute, erregaiei jarritako zerga berriaren eta Macronen politika ekonomikoaren kontra. 130 zauritu eta 1.700 bat atxilotu izan dira.
"Merkataritzarako hondamendia da. Gure ekonomiarako hondamendia da", esan du Le Mairek.
Ministroak egoera hau "krisia", "krisi demokratikoa", "nazioaren krisia" dela onartu du.
Gainera, Atzerri ministro Jean-Yves Le Drianek manifestazioen aurrean demokrazia eta erakundeak babesteko beharraz ohartarazi du, eta onartu du Gobernuak ez duela "modu" egokia erabili krisia kudeatzeko.
"Lurraldeen momentua heldu da. Ezin dugu herrialde bat goitik aldatu", esan du Le Drianek. "Presidentearengandik hitz sendoak eta elkarrizketa behar ditugu", gehitu du.