Ekonomia -

Lan eskaintza publikoa

Ertzaintzak 500 lanpostuko lan eskaintza publikoa deituko du asteartean

Gainera, Arkaute Akademiako Kontseilu Araupetzaileak onartu egin du 2019ko amaieran beste lan eskaintza publiko bat deitzea. Hortaz, urtebeteko epean 1.000 lanpostu eskainiko dituzte.

Ertzaintza. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Ertzaintza
Ertzaintza. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren asteartean argitaratuko duten Ertzaintzaren 28. promozioaren Lan Eskaintza Publikoak 500 lanpostu eskainiko ditu, azken 15 urtetako kopuru handiena, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gainera, Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak zuzendutako Arkaute Akademiako Kontseilu Araupetzaileak onartu egin du 2019ko amaieran 29. promozioaren Lan Eskaintza Publikoa deitzea. Hortaz, urtebeteko epean 1.000 lanpostu berri eskainiko dituzte.

Lehenengo deialdian interesa dutenek abenduaren 19tik 2019ko urtarrilaren 31ra eman beharko dute izena.

Bi deialdi horiekin, Segurtasun Sailaren asmoa da "modu ordenatuan eta planifikatuan" Ertzaintzaren lan-taldea berritzea, orain arteko behargin kopuruari (8.000 agente) eutsita.

Horretarako, urtero promozio berri bat deitzeko konpromisoa hartu zuen Segurtasun Sailak, eta agindutakoa betetzen ari direla adierazi dute. 2014az geroztik, bost promozio berri sortu dira: orotara, 1.520 lanpostu.

Ertzain izateko aurkeztu diren pertsona guztiei lehen hizkuntza eskakizuna eskatu diete. Gainera, baldintza hauek bete behar dituzte: herritartasun espainiarra, 18 eta 34 urte bitarteko adina, 1,64ko gutxieneko altuera gizonezkoetan eta 1,60koa emakumezkoetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan graduatua eta gidatzeko B baimena.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, aurretik egindako lan eskaintzatan bezala, hurrengo bi deialdietan ere, ezagutzak eta gaitasun fisikoak neurtuko dituzte, nortasun probak eta psikoteknikoak egingo dituzte eta elkarrizketa pertsonala ere gainditu beharko dute ertzain izan nahi dutenek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak