Ekonomia -

Gaztelagun programa

Eusko Jaurlaritzak gazte 'mileuristei' alokairua ordaintzeko laguntzak emango ditu

23-35 urte bitarteko eta hilean 650-1.000 euro artean kobratzen duten gazteen emantzipazioa bultzatzea du xede neurriak.

Gazteak gurasoen etxetik joatea erraztu nahi du neurriak. Argazkia: Pixabay
Gazteei alokairuarekin laguntzeko neurriak.
Gazteak gurasoen etxetik joatea erraztu nahi du neurriak. Argazkia: Pixabay

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Gaztelagun programa jarriko du martxan 2019ko urtarrilaren 1ean. Zehazki, gutxien kobratzen duten gazteei alokairua ordaintzen lagundu nahi die: 'mileuristei', alegia, hilean 650-1.000 euro bitartean kobratzen dutenei.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburuaren esanetan, 23-35 urte arteko pertsonei zuzenduta dago. Sailak egindako aurreikuspenen arabera, 2019an 2.500 gaztek eskatuko dute laguntza; 2020an, 4.500ek, eta 2021ean, 6.000k.

Programan parte hartzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte interesdunek. Soldataren zenbatekoan eta adinean jarritako mugez gain, gehienez hiru urtez jaso ahalko da laguntza. Eskatzaileek EAEko herriren batean erroldatuta egon beharko dute gutxienez urtebetean. Alokatutako etxebizitza ohiko bizileku beharko du izan, eta dagokion kontratua izan beharko du sinatuta, horren titularra ez den arren (etxebizitza partekatu daiteke, beraz).

Bada gehiago. Etxebizitzaren errentak ezingo du 750 euro baino handiagoa izan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetako etxebizitzetan. Hiriburuon inguruan daude metropolietan eta 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietan 650 euroko muga ezarri dute, eta 600 eurokoa, gainerakoetan.

Banakako eskatzaileek jasotako laguntza hileko errentaren erdia izango da gehienez, eta % 60 etxebizitza partekatua bada. Arriolak gaineratu duenez, jasotako laguntzak ez du inoiz Etxebizitzarako Laguntza Ekonomikoan ezarritako zenbatekoa gainditu (gaur egun, hilean 250 eurokoa da).

Diru-laguntza hori ez da alokairua sustatzeko gainerako laguntzekin bateragarria, eta senitartekoek alokatutako etxebizitzak ez dira diruz lagunduko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Higiezinen merkatua gaur