Ekonomia -

Greba eguna

Lan hitzarmen berria eskatu dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Alicia Graña sektore horretako CC.OO.ko arduradunak salatu duenez, langileak hitzarmenik gabe daude 2015etik, eta 1.800 behargin izatetik 1.500 izatera pasatu dira.

Protesta Bilbon. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen protesta
Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak, greban

2:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lehenengo greba eguna dute gaur, hitzarmen berria eta lan baldintzen eta soldaten hobekuntza aldarrikatzeko.

Gabon egunean ez ezik, Gabon zahar egunean ere lanuztea egitera deitu ditu behargin guztiak CC.OO.k, sektore horretan gehiengoa duen sindikatuak. Hain zuzen ere, % 45eko ordezkaritza dauka. Bestalde, ELAk, LABek, UGTk eta USOk abenduaren 26tik 30era doazen egunetarako deitu dute greba, bi egun horiek barne.

Astelehen honetan, lanuzteaz gain manifestazioa ere egin dute Bilboko kaleetan zehar. Hainbat langilek parte hartu dute bertan, baita Unai Sordo CC.OO.ko idazkari nagusiak eta Loli Garcia sindikatu horrek Euskadin duen ordezkariak ere.

Udaletxe aurrean bukatu dute protesta. Han, Alicia Graña CC.OO.ko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren arduradunak salatu du langileak hitzarmenik gabe daudela 2015etik, eta 1.800 behargin izatetik 1.500 izatera pasatu direla. "Ulertezina da, biztanleriaren zahartzea eta mendekotasuna duten pertsona kopuruaren hazkundea kontuan izanda", adierazi du.

Horregatik, komunikabideen aurrean, Grañak kritikatu du lan hitzarmenaren negoziaziorako "hainbat aldiz" biltzen saiatu ostean, patronalak ez dutela mahai gainean proposamenik jarri. Grañak salatu duenez, % 0,25eko soldata igoera "lotsagarria" soilik proposatu dute.

Sindikatuak, aitzitik, % 3ko gutxieneko soldata igoera aldarrikatu du. Horrez gain, lan baldintzak "hobetzea" eta lan osasunari dagokionez babes handiagoa izatea eskatu dute.

Grañak azaldu duenaren arabera, negoziazioak "geldirik" daude. "Guk dagoeneko eman ditugu aurrerapausoak eta orain patronala da guregana gerturatu behar dena", esan du sektore horretako CC.OO.ko arduradunak. Halaber, aurreratu du 2019. urtea "nahiko bero" datorrela.

Bestalde, aipatu moduan, ELAk, LABek, UGTk eta USOk protestei eutsiko diete abenduaren 26an. Egun horretarako greba deitu dute, eta, Bilboko udaletxetik hasita Eudelen egoitzaraino, manifestazioa ere egingo dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak