Ekonomia -

2010eko kontuak

Zor historikoa martxoan kitatuko du Bilboko Udalak

"Aurrekontu politika serioa eta zuhurra" egiten jarraitzea eskatu du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, "etorkizunean ziurgabetasuna dagoelako".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010eko ekitaldia zorrik gabe amaitu du Bilboko Udalak, nahiz eta 22 milioi euroko zorra aurrikusi iazko aurrekontuetan. Gainera, martxoaren amaieran hiriaren zor historikoa kitatuko du, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez.

22 milioi euroko zorra eskatu ez dutela azpimarratu du alkateak, izan ere, diru-sarreren aurrekontuak % 101ean bete dira 2010ean, "diru-bilketa ona izan delako eta batez ere gerrikoa estutu dugulako".

Estatuan 2010eko aurrekontua kitatuko duen lehen udala izango da Bilbokoa, Azkunaren hitzetan. Gainera, "banketxe bati eurorik eskatu gabe" egingo dutela goraipatu du agintariak. Horretarako "udal-gobernuak lan garrantzitsua egin" duela nabarmendu du.

"12 bat urteren buruan zor historikoa kitatu dugu", adierazi du alkateak. Hala ere, "etorkizunean ziurgabetasuna da nagusi eta herstura ekonomikoarekin eta aurrekontu politika serio eta zuhurrarekin jarraitu behar dugu", erantsi du.

"Herria ez dago txantxetarako"

"Herria ez dago txantxetarako", esan du Azkunak. "Beste batzuk baino egoera hobean gaude, izan ere, askok ezin dituzte soldatak ordaindu", erantsi du.

Bilboko Udalaren zor historikoa pixkanaka-pixkanaka amortizatzen joan direla azpimarratu du alkateak eta martxoaren amaieran guztiz kitatuko dutela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea