Ekonomia -
Gasteizko epaitegia
Funtzionario batzuen soldata % 5 murrizteko erabakia onartu dute
Funtzionario publikoen soldataren jaitsieraren inguruan Espainian izan den lehen sententzia da. Aiarako eskualdeko suhiltzaileen soldata murrizketaren aurka helegitea jarri zuen LAB sindikatuak.
Pedro García Larragan
Funtzionario publikoen soldataren jaitsieraren inguruan Espainiako lehen sententzia atera da. Radio Euskadik jakitera eman duenez, administrazio publikoari arrazoia eman dio Gasteizko epaitegi batek, izan ere, funtzionario batzuen soldata % 5 murrizteko erabakia "legezkotzat" jo du, nahiz eta sindikatuek errekurritu.
Soldaten murrizketa onartuz beste epai batzuk izan dira, baina langile publikoei eragin diete, eta horiek ez dira funtzionarioak izatez. Horrela, epaia Estatuko aurrenekoa izan da, Radio Euskadik jakinarazi duenez. Funtzionarioen soldataren murrizketa baten legezkotasunaz epaitegi batek erabakitzen duen lehen aldia da.
Aiarako eskualdeko (Araba) suhiltzaileei ezarritako murrizketaren aurka helegitea aurkeztu zuen LAB sindikatuak bere garaian. Sindikatuaren kereila ez du onartu epaileak eta soldataren % 5eko murrizketa legezkoa dela erabaki du. Izan ere, "premiazko beharrizan" bati erantzuten dio murrizketak, Gobernuak onartutako dekretuak ezarri bezala.
Epaiaren kontra errekurtsoa aurkez dezakete, baina sententziak garrantzia handia du funtzionarioei eragiten dielako aurrenekoz. Aiarako eskualdeko suhiltzaileak Udalhitz hitzarmenari lotuta daude. Euskal udaletako 22.000 funtzionario baino gehiagoren baldintzak ezartzen dituen hitzarmen horrek. Era berean, langile horiei eragiten die murrizketak.
Lehen sententzia honek ez du jurisprudentziarik sortzen, baina aditu juridikoen arabera, aurrekari argi bat markatzen du. Javier Balza Herrizaingo sailburu ohia administrazioaren abokatua izan da auzian eta epaileak arrazoia eman dio.