Ekonomia -

Telekomunikazioa

Euskaltelek % 8,9ko igoera izan du burtsan, Orangek erosi nahi duela zabaldu ostean

Euskalteleko akzioen balioa 8,12 eurokoa izan da saioaren amaieran. Bestalde, Orangek esan du negozio aukerak etengabe bilatzen dituela.

Euskalteleko egoitza nagusia. Argazkia: euskaltel.com
Euskalteleko egoitza nagusia, Bizkaiko Parke Teknologikoan
Euskalteleko egoitza nagusia. Argazkia: euskaltel.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltelen akzioek % 8,99ko igoera izan dute ostiral honetan burtsan, Orangek konpainia erosteko eskaintza publikoa aurkezteko asmoa duela zabaldu eta gero.

Goizean, 7,975 euroko balioa zuten Euskaltelen tituluek, ostegunean baino % 7,05 gehiago. Saioaren amaieran, berriz, 8,12 euroan zeuden akzioak, merkatuko laugarren balio handitzea, hain zuzen ere.

Astelehenetik ostiralera bitartean, Euskaltelen tituluek % 11,92ko balio handitzea izan dute; eta urte hasierako datuekin alderatuz gero, igoera hori % 16,17ko izan da.

Euskaltel bereganatu nahi duela esanez hainbat hedabidetan zabaldu den informazioaren harian, Orange konpainia frantsesak ohar kaleratu du, "negozio aukerak etengabe" bilatzen dituela eta bere misioa "akziodunen balioak handitzea eta bezeroen beharrizanak asetzea" dela azpimarratuta.  

tmtfinances.com webgune espezializatuaren arabera, Orange konpainiak Credit Suisse enpresa kontratatu du Euskaltel erosteko eskaintza publikoa jaurtitzen laguntzeko. Orange 2014tik ari da Euskaltelekin elkarlanean.

Zegona enpresa britaniarrak astelehenean jakitera eman zuen finantziazio akordio bat lortu duela Euskaltel enpresaren akzioen % 12,5 gehiago erosteko, eta akziodun nagusia izateko; horretarako, 139 milioi euro bideratuko dituela esan zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak