Ekonomia -

Pribatizazioaren kontra

AENAko sindikatuek 22 greba egun iragarri dituzte, Aste Santua barne

Jose Blanco Sustapen ministroak AENAko lanpostuak mantentzeko prest dagoela esan du, "langileen eskubide guztiak bermatuz".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

22 egunerako greba deitu dute AENAko sindikatuek, apiriletik uztailera bitartean eta Aste Santuko jaiegunak barne, AENAren pribatizazioaren kontra protesta egiteko. Gauzak horrela, apirilaren 20an, 21ean, 24ean, 25ean eta 30ean, maiatzaren 2an, 14an, 15ean, 19an eta 20an, ekainaren 13an, 23an eta 30ean, uztailaren 1ean, 2an, 3an, 4an, 15ean eta 31an, eta abuztuaren 1ean, 15ean eta 31an egingo dituzte lanuzteak.

Grebarako deialdiak AENA sareko 47 aireportuetako 11.000 langile hartzen ditu. Aireportuen kudeaketaren % 49 esku pribatuetan geratuko da eta horrek ekar litekeen eskubideen murrizketak langileria kezkatu du.

Hala ere, negoziatzeko deialdia ere egin dute sindikatuek. Haien hitzetan, oraindik "denbora nahikorik" dago greba saihesteko. AENAk, bestalde, elkarrizketarako bideak zabalik mantentzen dituela jakitera eman du. Gainera, langileen baldintzen bermeak "ahalik eta gehienen zabaltzea" espero du.

Ildo horretan, Jose Blanco Sustapen ministroak AENAko lanpostuak mantentzeko prest dagoela esan du, "langileen eskubide guztiak bermatuz".

Sustapen ministroaren hitzetan, AENAk "enpresa publikoa" izaten jarraituko du, eta Ministerioak "ahalegin guztiak" egingo ditu sindikatuekin akordio batera heltzeko.

Ildo horretan, Juan Lema AENAko presidenteak elkarrizketarako deia egin du, eta datorren ostegunean sindikatuekin bilera deitu dutela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea