Ekonomia -
Jaurlaritzarekin akordioa
Arcelorren Sestaoko I+G zentroa 2013an martxan izango da
Zentroa eraikitzen hasteko akordioa sinatu dute gaur ArcelorMittalek eta Jaurlaritzak. 100 milioi euroko inbertsioa izango du proiektuak, eta zuzeneko 45 lanpostu sortuko ditu.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta ArcelorMittal multinazionalak akordioa sinatu dute Sestaon eraikiko den altzairuaren Ikerketa eta Garapenerako zentroa 2013ko urtarrilean martxan izan dadin.
Patxi Lopez lehendakariak, Gonzalo Urkijo ArcelorMittaleko Zuzendaritza Orokorreko kideak, Bernabee Unda Industria sailburuak eta Jose Luis Marcos Merino Sestaoko alkateak sinatu dute akordioa.
Zentroak zuzeneko 45 lanpostu sortuko ditu eta 100 milioi euroko inbertsioa egingo da.
Eraikina Sestaoko Benedikten kaian egingo eta 2013ko urtarrilean martxan izango dela aurreikudi dute.
Altzairuaren inguruan oinarritutako eraikin adierazgarri batean kokatuko dituzte instalazioak. 2.800 metro karratu izango ditu eta bertan bulegoak eta ekoizpen eta efizientzia energetikoaren laborategiak egongo dira.