Ekonomia -

PFEZ

6,6 milioi itzuliko ditu Bizkaiak ostegunean, amatasun eta aitatasun bajengatik

Bigarren ordainketa honetan, 8.617 zergadunek irailaren 14tik aurrera eskatutako itzulketak ordainduko dira. Horrela, itzulketen onuradunak 31.000 bizkaitar baino gehiago izango dira jada.

Jaioberri bat, heldu baten atzamarrari helduta. CCO lizentzia duen argazkia
Jaioberri bat, heldu baten atzamarrari helduta
Jaioberri bat, heldu baten atzamarrari helduta. CCO lizentzia duen argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Ogasunak 6,6 milioi euro ordainduko die ostegun honetan (hilak 31) 8.617 zergaduni, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, 2014tik 2017ra bitartean amatasun eta aitatasun prestazioengatik atxikitakoari dagokion dirua da.

Itzulketa horien onuradunek beren bankuko kontuan jasoko dute zenbatekoa. Ogasunak duela gutxi bidali die jakinarazpena onuradunei, zenbat itzuliko zaien adieraziz.

Bigarren ordainketa honekin, Foru Ogasunak 39,4 milioi euro itzuli dizkie guztira 31.450 zergaduni. Lehen ordainketa abenduan izan zen.

Ogasunak azpimarratu duenez, edozein unetan eska daiteke itzulketa egiteko, betiere kasuan kasuko PFEZaren likidazioa preskribatu ez bada. Horretarako, eskaera egin beharko dute interesatuek, halako kasuetarako prestatu den eredua beteta. Ogasunaren webgunean aurkituko dute agiria, baita Foru Aldundiak Bizkaiko zenbait herritan jendeari laguntzeko jarri dituen 17 bulegoetan ere.

Eskabidea aurkeztutakoan, Ogasunak berriro egingo du zergadun bakoitzak prestazioa jaso zuen ekitaldiari dagokion errenta-aitorpena, eta diru-sarrera hori salbuetsitako errentatzat hartuko da. Kalkulua egin ondoren, zergadunari emaitza jakinaraziko zaio, eta diferentzia bankuko kontuan sartuko dio.

Bizkaiko Ogasunak egindako kalkuluen arabera, 45 milioi euro inguru itzuliko ditu. Izan ere, 2014 eta 2017 bitartean, Bizkaian 49.640 lagunek 60.263 amatasun edo aitatasun prestazio jaso zituzten, 229,8 milioi euro guztira, eta 21,7 milioi euroko atxikipena egin zioten diru-kopuru horri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Umeak albisteak gaur Gurasoak albisteak Zergak gaur