Ekonomia -
2018KO DATUAK
Espainiako ekonomia % 2,5 hazi zen 2018an, 2014tik izandako igoerarik txikiena
Motelago bada ere, azken bost urteetan gora egin du ekonomiak.
AGENTZIAK
Espainiako Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,5 hazi zen 2018an, Pedro Sanchezen Gobernuak aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago, gaur INE Espainiako Estatistika Institutuak aurreratutako datuaren arabera. Azken bost urteetan gora egin du Espainiako ekonomiak, baina azken hiru urteetan behera egin du hazkunde datuak.
% 2,5eko hazkunde tasa horrek bat egiten du Espainiako Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak egindako hazkunde aurreikuspenekin. Dena den, datua behin-behinekoa da, eta martxoaren 29an ezagutuko da behin betikoa.
Azken hiruhilekoan, urritik abendura bitartean, ekonomiak % 0,7 egin zuen gora, aurreko hiru hiruhilekoetan baino eta Gobernuak berak aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago. Espainiako Bankuak, ostera, % 0,6ko hazkundea iragartzen zuen.
Barne Produktu Gordinak azken hiruhilekoan izan duen igoera aintzat hartuta, dagoeneko 21 hiruhileko daramatza jarraian hazten. Urte arteko Barne Produktu Gordinari dagokionez, berriz, % 2,4koa izan da.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, barruko eskaerak ahalbidetu du hazkundea. Kanpoko eskariak, aitzitik, indarra kendu dio.