Ekonomia -

40 herrialdetan dago

Triodos Bank Europako banku etiko nagusiak egoitza ireki du Bilbon

Gizarte, kultura eta ingurumenarekin lotutako ekimenak, enpresak eta erakundeak finantzatzen ditu banku honek. 2.500 euskal herritar bezero dira edo bezero izateko izapideak bete dituzte dagoeneko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Triodos Bank Europako banku etiko nagusiak, egoitza ireki du, Bilbon. Erakunde honek 5.600 milioi euroko balantzea du eta 285.000 bezero inguru ditu Europan. 2.500 euskal herritar inguru bezero dira edo bezero izateko izapideak bete dituzte dagoeneko.

Esteban Barroso Triodos Banken zuzendari nagusiak adierazi duenez, "ekonomia errealeko sektore iraunkorrak soilik" finantzatzen ditu erakundeak, pertsonen eta ingurumenaren mesedetan egin dezaten: energia berriztagarriak, nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, turismo iraunkorra, ekitaldi kulturalak, hezkuntza, garapenerako laguntza eta urritasunen bat dutenen nahiz bazterketa soziala pairatzeko arriskuan dauden pertsonen laguntzarako elkarteak.

Gurean, Tierra Viva Norte Gasteizko denda, HIESAren Aurkako Herritarren Bizkaiko Batzordea, Bilboko Bakeaz elkarte bakezalea eta Muruako (Araba) Goikuri Baserria landetxea, besteak beste, finantzatu ditu Triodos Bankek dagoeneko.

15.000 inbertitzailek osatutako finantza erakunde independentea da Triodos Bank eta 2010 urtean % 20 handitu zuen etekina. Erakundeak Katalunian, Balear Uharteetan, Andaluzian, Madrilen, Gaztela eta Leonen, Valentzian eta Aragoin zabaldu ditu egoitzak. Gainera, Afrikako, Asiako, Hego Amerikako eta Ekialdeko Europako 40 herrialdetan baino gehiagotan dago, inbertsio fondoen eta kreditu txikien bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea