Ekonomia -

lan istripua

Langile bat hil da Bilboko Portuan garabi batetik behera erorita

Beharginak 43 urte zituen eta Portugaleteko bizilaguna zen. Bospasei metroko altueratik behera erori da, garabi batean lanean ari zenean. Urtea hasi zenetik zazpi langile hil dira EAEn.

Bilboko Portuko artxiboko irudia, EiTBren bideo batetik aterata
Garabiak, Bilboko Portuan
Bilboko Portuko artxiboko irudia, EiTBren bideo batetik aterata

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil da gaur goizean Bilboko Portuan garabi batetik behera erorita. Portugaleteko bizilaguna zen eta 43 urte zituen.

Behargina zamaketaria zen eta Bilboestiba enpresarentzat egiten zuen lan.  

Bilboko Portuko Agintaritzak ohar bidez azaldu duenez, ezbeharra 11:30 inguruan jazo da Nemar kaian, garabiarekin ikatza mugitzen ari zen bitartean.

Portuko medikuak eta Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako langileak behargina suspertzen saiatu dira, baina, tamalez, bertan hil da.

ELA sindikatuak esan du lehendabiziko datuen arabera, garabi gainetik, bospasei metroko altueratik behera erori da gizona, zamaren ezusteko mugimendu zakar baten eraginez.  

Lan-istripua dela eta, Portuko jarduera eten egin dute, eta langile batzordeak elkarretaratzea deitu du bihar goizean Santurtzin.

ELAk doluminak helarazi dizkie beharginaren senide eta lagunei, eta azpimarratu du urtea hasi zenetik zazpi langile hil direla jada Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Istripua nola gertatu den argitzeko eta ardurak zehazteko neurriak har ditzatela exijitu die sindikatuak Osalani eta Lan Ikuskaritzari.

Halaber, ezbeharra "prekarietatearen ondorio" dela salatu du; izan ere, "lan baldintzak txarrak dira, lan-karga oso handia da eta portuko jarduerak arriskutsua dira", ohartarazi du.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bilbo Bizkaia Bilboko Portua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak