Ekonomia -

Katalunia/Greba orokorra

Milaka eta milaka lagun atera dira kalera Bartzelonan greba eguna amaitzeko

Antolatzaileen arabera, 200.000 pertsona izan dira Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa salatzeko manifestazioan. Protestak goizean goiz hasi dira.

Arratsaldean, Bartzelonan egindako manifestazioa. Argazkia: EFE
Arratsaldean, Bartzelonan egindako manifestazioa.
Arratsaldean, Bartzelonan egindako manifestazioa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greba orokorra egin dute gaur Katalunian prozesu independentistaren harira Espainiako Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketa salatzeko.

Arratsaldean, manifestazioak izan dira Kataluniako hiri eta herrietan grebaren antolatzaileek deituta eta alderdi eta erakunde subiranistek babestuta.

Mobilizazio jendetsuena Bartzelonakoa izan da. Antolatzaileen arabera, 200.000 lagun bildu dira hiriburuan, Udaltzaingoaren arabera, berriz, 40.000. Gironan ere jendetza atera da kalera, 70.000 manifestari Udaltzaingoak eta Esquadra Mossoek emandako datuen arabera.

Bartzelonako manifestazioa 'O-21, Greba Orokorra. Eskubiderik gabe ez dago askatasunik' goiburupean egin dute. Kataluniako bandera independentistak, presoen aldeko ikurrak eta auzipetuen aldeko oihuak izan dira nagusi ibilbide osoan.

Generalitateko Barne kontseilariaren kontrako oihuak ere egin dituzte, Errepublikaren Defentsarako Batzordeek egunean zehar egin dituzten protestetan Esquadra Mossoek izan duten jokabidea dela eta.

Manifestazioa amaitutakoan ekitaldia egin dute, eta deitzaileek (David Fernandez, Anna Salles, Marti Anglada eta Estel Sole) hartu dute hitza.

"Estatua eskubide zibil eta politikoak urratzen ari da une oro. Espainiaren batasunaren izenean ari da Estatua, baina hori ez da printzipio demokratiko bat, hori printzipio nazionalista bat da", salatu dute.

"Demokrazia legeen gainetik dago, are gehiago lege horiek injustuak badira", azpimarratu dute. Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketa "autodeterminazio eskubidearen aurkako epaiketa politikoa" dela gaineratu dute, eta prozesu judizial horrekin beldurra zabaldu nahi dutela, "beste inor bide politikoen bidez Estatuaren batasuna zalantzan jartzen ausartu ez dadin".

Dozenaka mila lagun bildu dira Bartzelonako manifestazioan.

(Milaka eta milaka lagun bildu dira arratsaldean Bartzelonan. Argazkia: EFE)

Errepide eta trenbideak, moztuta

Greba eguneko protestak goizean goiz hasi dira Katalunian. Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako ekintzaileek kaleak, errepideak eta trenbideak moztu dituzte.

Bartzelonan, Gironan eta Tarragonan hainbat autobide eta errepide moztu dituzte, kasu batzuetan manifestariak bidera aterata, eta besteetan bide erdian botatako gurpilei su emanda.

Trenen zirkulazioan ere izan du eragina protestak. Bartzelonan adibidez, grebalariek Sitges eta Vilanova arteko zerbitzua geldiarazi dute. Ondoren, ehunka ikaslek Catalunya plazako geltokiko trenbidera salto egin dute eta zirkulazioa hiru orduz eten dute.

Greba orokorra "arrakastatsua" izan dela eta herritarrek beste "indar erakustaldi bat" egin dutela adierazi dute alderdi independentistek. CUPek, bestalde, Miquel Buch Barne kontseilaria kargugabetzeko eskatu du, mossoak manifestarien aurka oldartu direlako.

Sergi Perello CSC-Intersindical sindikatuko bozeramailearen esanetan, lanuztearen antolatzaileak "oso pozik" daude grebaren jarraipenarekin, eta 2017ko urriaren 3an egindakoaren ondotik Katalunian inoiz egin den grebarik handiena izan dela azpimarratu dute.

Istiluak ere izan dira, eta hiru pertsona atxilotu eta 37 artatu dituzte.

Istiluak errepide eta tren geltokietan, epaiketaren kontrako mobilizazioan
Istiluak errepide eta tren geltokietan, epaiketaren kontrako mobilizazioan
Istiluak errepide eta tren geltokietan, epaiketaren kontrako mobilizazioan

1:29
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika Bartzelona albisteak Grebak albisteak Auzitegi Gorena Epaiketak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Kataluniako prozesua zuzenean