Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Osakidetzaren lan-eskaintza publikoaren eredua aztertzeko lantaldea sortu dute

Kerman Orbegozo (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu), Cristina Macazaga (Elkarrekin Podemos), Natalia Rojo (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP) legebiltzarkideek osatuko dute lantalde berria.

Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoa. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoa. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoa. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren hautaprobak aztertzeko eta eredu berri bat proposatzeko lantaldea sortu du Eusko Legebiltzarrak, azken lan-eskaintza publikoan salatutako irregulartasunak tarteko. Lantaldeko legebiltzarkideak aukeratu dituzte astearte honetan.

Horrela, Kerman Orbegozo (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu), Cristina Macazaga (Elkarrekin Podemos), Natalia Rojo (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP) legebiltzarkideek osatuko dute lantalde berria, Osasun Batzordeak eguerdian erabaki duenez. Kideak hautatu ondoren, lantaldea aurreneko bileran osatuko da formalki. Hala ere, oraindik ez dute horretarako eguna zehaztu.

Iragan ekainean Gasteizko Ganberak lantaldea osatzea eskatu zuen osoko bilkuran, oposizioko taldeen (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) babesarekin.

EAJk eta PSE-EEk ez zuten ekimena babestu, lantaldean legebiltzarkideez gain Jaurlaritzako ordezkariak ere izan behar zirela uste zutelako.

“Adiskidekerian oinarritutako” giza baliabide eredu “ilun” batekin amaitzeko “lehen pausoa eman” dutela adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak.

“Arazoaren funtsari heldu behar diogu”, esan du Uberak. Koalizioko legebiltzarkidearen hitzetan, “Osakidetzaren elite batek urteak garatzen eman duen ‘modus operandi’ batekin bukatzeko unea iritsi da, aukera berdintasunean eta gardentasunean oinarritutako hautaprobak egiteko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak