Ekonomia -
Hitzarmen kolektiboa
Sindikatu abertzaleek manifestazioa egingo dute Madrilen, apirilean
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek manifestazioa deitu dute apirilaren 5erako, Madrilen, "hitzarmen kolektiboa zentralizatzearen aurka".
Erredakzioa
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek manifestazioa deitu dute apirilaren 5erako, Madrilen, "hitzarmen kolektiboa zentralizatzearen aurka". Sindikatu abertzaleekin batera, Galiziako CIG, Kataluniako CSC eta Kanariar Irletako Intersindikalak ere bertan izango dira.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak esan du negoziazio kolektiboaren zentralizazioak langilegoaren pobrezia handituko duela adierazi du Bilbon egin duten agerraldian.
Sindikatu abertzaleek Madrilen deituriko aurreneko manifestazioa izango da. Apirilaren 5etan egingo dute, eta azken erreforma ekonomikoak eta hitzarmen kolektiboa salatuko dituzte.
Horrez gain, deitzaileek Gernikako Estatutua "agortuta" dagoela adieraziko dute.
Espainiako Gobernua, patronala, CCOO eta UGT hitzarmen kolektiboa berregiteko "batu" egin direla salatu dute gaurko prentsaurrekoan. Hitzarmen kolektiboa "zentralizatuz", Euskadik bere lan baldintzak ezin izango dituela negoziatu uste dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko gehiengo sindikalaren "eragina" ukatu nahi dute erreforma ezberdinek, sindikatu abertzaleen iritziz. "Negoziatzeko aukera kendu nahi digute", nabarmendu du Muñozek.
Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du "euskal gehiengo sindikalak" proposamenak badituela.
"Murrizketa" politikei "babesa" ematea egotzi die CCOOri eta UGTri Ainhoa Etxaidek. Erabaki horrekin langileak "desmotibatzen" hasi direla nabarmendu du LABeko ordezkariak.