Ekonomia -
Hitzarmena
Vitoria Air Park jaio da, Forondako enpresa parke berria
Aenak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako hiriburuko Udalak hitzarmena sinatu dute gaur, Vitoria Air Park, Gasteizko aireportuaren enpresa-parke berria garatzeko.
Erredakzioa
Aenak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako hiriburuko Udalak hitzarmena sinatu dute gaur, Vitoria Air Park, Gasteizko aireportuaren enpresa-parke berria garatzeko.
Jaurlaritzak azaldu duenez, ekimen honi esker, Foronda "erreferentziazko aireportua" izango da inbertsio-proiektu berrietarako. 933.835 metro karratuko azalera hartuko du, eta parkeak 54 hektarea izango ditu, aire-garraioarekin loturiko jardueretarako bi gunerekin.
Aenak ia 50 milioi euro inbertitu ditu Gasteizko instalazioak prestatzen eta aireportuaren erakargarritasuna bultzatzen. Eusko Jaurlaritzaren Sprilur sozietateak 60 milioi euro inbertituko ditu Vitoria Industrial Air Park gunea martxan jartzeko.
Inguruaren hirigintza izapidetzea eta urbanizazio lanen lizentzia ahalbidetzeko konpromisoa hartu du Gasteizko Udalak.
Gasteizen gaur egin duten ekitaldia Vitoria Industrial Air Park egitasmoaren abiapuntua izan da. Aenak, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Gasteizko Udalak hitzarmenak sinatu dituzte. Horien bitartez, Gasteizko aireportuan jarduera aeronautikoen garapen logistikorako zentro bat garatuko dute.
Eusko Jaurlaritzaren egoitzan gaur izandako sinadura ekitaldian Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua, Juan Ignacio Lema AENAko presidentea eta Patxi Lazcoz Gasteizko alkatea izan dira.
Bi eremutan kokatuko dira instalazio berriak: aireportutik kanpoko bat (Parke Logistiko Industriala) eta aireportuaren barrualdeko beste bat aire-garraioarekin eta aireportuaren erabiltzaileei ematen zaizkien zerbitzuekin loturiko merkataritza eta industria-jardueren zentro bat garatzeko.
Garapen guztia egituratuko duen bide bat egitea biltzen du hitzarmenak, N-624 errepidetik aireportura dagoen egungo sarbidearen eta A-3302 foru-errepidearen artean. Zayas ibaiaren esparrua ez dela ureztatuko bermatzeko obra hidraulikoa ere adostu dute, URA Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta.