Ekonomia -

Krisi ekonomikoa

Gobernuaren neurri berriak atzera bota ditu Portugaleko Parlamentuak

Portugaleko krisi ekonomiko larriari aurre egiteko Gobernu sozialistak aurkeztutako laugarren herstura egitasmoa atzera bota du oposizioak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi ekonomikoari aurre egiteko Jose Socratesen Gobernuak proposatutako neurri berriak biltzen dituen Egonkortasun eta Hazkunde Programa atzera bota du gaur Portugaleko Parlamentuak. Oposizio kontserbadoreak herstura plan berria arbuiatu du.

Horrela, krisi ekonomiko larriari aurre egiteko Gobernu sozialistak aurkeztutako laugarren herstura plana eztabaidatu eta bozkatu du Portugalgo Parlamentuak. Jose Socrates lehen ministroa saioaren hasieran izan da, baina oposizioak hitza hartu baino lehen alde egin du.

Fernando Texeira dos Santos Ekonomia ministroak aurkeztu du egitasmoa. Herstura neurriak azalduz hasi du hitzaldia Texeirak eta egitasmoa atzera botatzeak eragin ditzakeen ondorio larrietaz ohartarazi du.

Baina oposizioak gaur bertan aurkeztu du mozioa proposamen ekonomikoaren kontra eta negoziaketari ateak itxi dizkio. Mozioaren puntu bakar gisa arbuioa planteatu dute kontserbadoreek.

Azken egunetan Gobernuaren proposamenak negoziatzeko alternatibaren bat aurkezteko eskatu die kontserbadoreei Alderdi Sozialistak, Portugalgo ekonomian merkatuek duten konfiantzak behera egiten zuen bitartean, zorraren interesak % 8tik gora kokatuz.

Kontserbadoreen mozioa

Baina Alderdi Sozial Demokratak (PSD, zentro eskuina) aurkeztutako proposamen laburrak Gobernuaren egitasmoa (PEC) atzera bota du soilik, bestelako ekarpenik egin gabe. PSD oposizioaren indar nagusia da 81 diputaturekin.

PECaren aurkako argudioak errepikatu ditu PSDk gaurko eztabaidan. Bruselan aurkeztu baino lehen oposizioarekin ez adostu izana aurpegiratu dio Gobernuari PSDk. Exekutiboaren egitasmoak sakrifizio berriak inposatzen dituela salatu dute kontserbadoreek. Exekutiboa herrialdea krisitik ateratzeko gai ez dela erantsi du PSDk.

PSD alderdiaz gain, CDS-PPk (21 diputatu) eta alderdi marxistek (31 ordezkari) PECaren aurkako beste proposamen batzuk aurkeztu dituzte. Horrela, Gobernuaren egitasmoak 97 diputatu sozialisten babesa izan du bozketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea