Ekonomia -
Euskal Y-aren Gipuzkoako adarraren %57ko obrak martxan daude
Bergara-Bergara eta Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea obrak egiten hasi dira Gipuzkoan.
Erredakzioa
Euskal Y-aren Gipuzkoako adarraren %57 burutzen ari da jada, orain arte Gipuzkoako sare berriko bide-zubi ikusgarrienaren eraikuntza hartuko duen Bergara-Bergara (3,1 km.), eta Antzuola-Ezkio Itsaso ekialdea (3,4 km.) zatietako lanak hasi ondoren.
Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak eta Pedro Luis Ríok, Estatuko Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordeak, hartu dute parte gaur goizean, Bergarako udalerrian dagoen Kukubaso inguruan burutu den lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoan.
Bergara-Bergara zatia 3,1 kilometro da luze, eta horietatik ia erdia bide-zubian burutuko dira. 95,1 milioi euroko aurrekontua du, eta burutzapenerako epea, berriz, 34 hilabetekoa da. Lan horren punturik azpimarragarriena, 900 metroko luzera eta 90 metrotik gorako altuera izango dituen Deba ibaiaren gaineko bide-zubia izango da.
Antzuola-Ezkio Itsaso
Antzuola-Ezkio Itsaso zatiari dagokionez, 6.940 metro ditu eta Antzuola, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio/Itxaso udalerriak zeharkatzen ditu. Zati horren ezaugarri nagusietakoa azpiegitura asko dituela da, izan ere, zatiaren luzera osoaren %84 azpiegiturek betetzen baitute.
Gipuzkoako adarra
Une honetan 13 dira burutzen ari diren Euskal "Y"-a Trenbide Sare Berriko zatiak: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa, Tolosa-Hernialde, Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani.Aurten beste bi zati lizitatzea aurreikusten da: Hernialde-Zizurkil eta Zizurkil-Andoain.