Ekonomia -

BPG kontuan hartuz

Estatuaren gastua legez kontrolatuko dutela iragarri du Zapaterok

Lehiakortasunaren aholku batzorde bat sortuko dutela esan du Gobernuko presidenteak, eta BPGren epe luzeko hazkundean oinarrituz gastua kontrolatzeko legea erreformatuko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehiakortasunaren aholku batzorde bat sortuko dutela esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak, eta BPGren epe luzeko hazkundean oinarrituz Estatuaren gastua kontrolatzeko aurrekontu egonkortasun legea erreformatuko dute.

Bruselan onartutako euroaren ituna bete nahi du Espainiak bi neurri horiekin. Beste hamar neurri gehiago aurkeztu ditu Zapaterok, EBko goi-bilera amaitu ostean. Helburua "krisi ekonomikoaren kontrako erantzuna eta etorkizunari begira gure ekonomiaren oinarriak indartzea" da, Zapateroren ahotan.

Egitasmoaren neurri gehienak dagoeneko martxan daude edo iragarri dituzte, negoziazio kolektiboaren erreforma esaterako. Apirila amaitu baino lehen lege-proiektu batean bildu nahi du erreforma hori Gobernuak. "Lan irregularraren kontrako plan" bat ere martxan jarri nahi du Exekutiboak, ekainetik 2012ko abendura bitartean aplikatzeko eta lurpeko ekonomia agerian uzteko.

Egitasmoak pizgarri zerrenda bat aurrikusten du eta ekainetik 2012ko abendura bitartean aplikatuko dute. Krisi ekonomikoa dela-eta lurpeko ekonomiaren praktika zabaldu egin dela uste du Gobernuak.

Amnistia edo pizgarriak

Langileen kontratazio irregularrak azaltzeko amnistia erabiltzeko aukeraz galdetu diote presidenteari, baina pizgarriak aplikatuko dituztela esatera mugatu da Zapatero.

Xehetasun gehiagorik ez du eskaini presidenteak, Gobernuak agente sozialekin elkarrizketa izan nahi duelako egitasmoaren ezaugarriak zehazteko.

Agente sozialekin biltzeko zain, egitasmoa apirilean onartuko dutela ziurtatu du Zapaterok. Era berean, Gobernuak dagoeneko aspektu oso konkretuak garatu dituela goraipatu du agintariak.

Hala ere, Espainian egun dagoen lurpeko ekonomia kopurua zehaztea oso zaila dela adierazi du Exekutiboko buruzagiak.

Iragan asteazkenean, egitasmoak neurri multzo bat izango duela iragarri zuen Valeriano Gomez Lan ministroak, batez ere neurri fiskalak, eta "finantza publikoak suspertzea" bilatuko dute.

Erreskate fondo iraunkorra

2013tik aurrera herrialdeak porrotetik erreskatatzeko fondo iraunkor bat sortzea babestu dute Europa Batasuneko buruzagiek. Azken unean Alemaniak egutegia aldatzea eskatu du eta onartu egin dute Estatu kideek.

Euroguneko Ekonomia ministroak iragan astelehenean fondo hori sortzeko akordio batera heldu ziren eta kapital ekarpenak 2013tik aurrera egitea (hiru urtetan) erabaki zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea