Ekonomia -
Kapital falta dela eta
Espainiako Bankuak apirilean erabakiko du 12 entitateen inguruan
Espainiako Bankuko azterketa pasatu ez zuten 12 entitateak astelehen honetan aurkeztu diote ikuskatzaileari berriz kapitalizatzeko egin dituzten planak.
Erredakzioa
Jarritako epeari hutsik egin gabe, egun osoan, zortzi kutxak eta lau bankuk bidali dizkiote Espainiako Bankuari dirua lortzeko diseinatu dituzten estrategiak.
Horietan zehazten dituzte zein bide aukeratuko duten berriz kapitalizatzeko. Aukerak hiru ziren. Bankiak, Banca Cívicak eta Banco Mare Nostrumek lehen aukerari eutsi diote: burtsan kotizatuko dute. Novocaixagaliciak, Banco Basek eta Caixa Cataluñak Estatuari dirua eskatuko diote. Beraz, hirurak nazionalizatuko dituzte. Bestalde, Unicajak eta Caja Duerok euren artean fusionatzea erabaki dute. Datorren hitzordua, apirilaren 14an da. Orduan esango du ikuskatzaileak ze estrategia onartzen dituen eta zeintzuk ez.
Gaur inolako birkapitalizazio proiekturik aurkeztu ez dutenak euskal kutxak izan dira. Ezta Baserritarren Kutxak ere. Denek dute eskatzen den gutxieneko kaudimena.