Ekonomia -

Lan-istripuak Araban

Langile bat hil da Gasteizen, eta beste bat larri zauritu da Amurrion

Gasteizen hildako pertsonak karbono dioxidoa arnastu du; Amurrioko langilea 8 metrotik jausi da, teilatu batean zegoela, eta larri dago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil da gaur arratsaldean Gasteizen, gasa arnastuta; pertsona hori Alde Zaharreko lokal batean lan egiten ari zen, gas isuria izan denean.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 17:30ean gertatu da Hedegile kaleko 32. zenbakian.

Lehen ikerketen arabera, langilea lokal bat berritzen ari zen, eta gasa arnastu ostean konortea galduta aurkitu dute.

Gas ihesaren ondorioz, eraikin osoa hustu dute, eta ingurua itxita dago.

Osasun zerbitzuak langilea suspertzen saiatu dira, baina ezin izan dute ezer egin, eta gorpua Auzitegiko Institutu Anatomikora eramango dute.

Osalan ezbeharraren nondik norakoak ikertzen ari da; dena den, teknikariak ezin izan dira barruan sartu oraindik, gasa dela eta.

Larri zauritu da Amurrion

Bestalde, Amurrion teilatu bat eraberritzen ari zen pertsona bat larri zauritu da, zortzi metroko altueratik erorita.

Herrizango Sailaren arabera, lan-istripua 09:45ean gertatu da Amurrioko Aldaiturriaga kalean.

Langilea hiru pisuko eraikin bateko teilatua eraberritzen ari zen, erori egin denean; Osalan lan-istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da.

Erorikoaren ondorioz, langileak zauri larriak jasan ditu eta Gasteizko Santiago Ospitalera eraman dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea