Ekonomia -

Lan istripua

Bilboko portuko atoiontzi bateko langile bat hil da 48 orduko guardia batean

LAB sindikatuak salatu duenez, Remolcadores Ibaizabal enpresako ontzi baten makineriako burua igandean hil zen, bere lanpostuan.

Ibaizabal Zortzi atoiontzia / Argazkia: Remolcadores Ibaizabal.
Ibaizabal Zortzi atoiontzia.
Ibaizabal Zortzi atoiontzia / Argazkia: Remolcadores Ibaizabal.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko portua base duen Ibaizabal Zortzi atoiontziko makineriako burua lan istripu ez traumatikoan hil da 48 orduko guardia bat egiten ari zenean, LAB sindikatuak salatu duenez. Igandeko 22:00ak inguruan gertatu zen heriotza, bere lan postuan, Remolcadores Ibaizabal enpresako ontzian.

Enpresak ezarritako lan sistemaren aldaketa "behin baino gehiagotan" salatu duela gogorarazi du LABek: "24 orduko guardia eta 72 ordutako atsedenetik, 2 egun jarraian (48 egun) lan egin eta 4 egunez atsedena hartzera pasatu dira, urteko 624 orduren igoerarekin".

Lan Ikuskaritzan ere salatu zuen sindikatuak "lanaldi berezien inguruko dekretuak zehaztutako atsedenak errespetatzen ez ziren hainbat egun", hau da, "modu jarraian gutxieneko bi atsedenaldi, 6 ordutakoa bat eta 4 ordutakoa beste bat". Kritikatu dutenez, "24 orduz lan egitea nekagarria bazen, 48 orduz aritzea erokeria bat da, maniobren arabera ez dagoelako atsedenik", eta ohartarazi du "inork ezin duela esan ez zirela arriskuak ezagutzen".

LABek azaldu duenez, hildako langilea "apirilaren 6ko goizeko 9etan sartu zen lanean eta gaur atera behar zuen atoiontzitik, apirilaren 8an". Zehaztu duenez, normalean egunean, beste ontziak laguntzeko maniobrarik ez badago, mantenu lanak egiten dira 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Larunbatetik iganderako gauean, Ibaizabal Zortzi atoiontziak 21:00etan hasi zen eta 23:00ak inguruan bukatu zen zen maniobra bat egin zuen, eta gero, "atsedenik gabe egin zuen lan apirilaren 7ko 03:15etik 10:03ra".

Esan dutenez, enpresak eta bere arduradunek "ezin dute esan ez zutela ezagutzen atsedenik gabeko lanak duen arriskua", eta "milioika euro sortzen dituzten" konpainiei "langileei ia esklabutzaren parekoak diren lan-baldintzak ezartzea" egotzi die, "irabaziak handitzearen aldeko apustua egiteteagatik".

Pasaiako portuko atoiontziak Remolcadores Ibaizabal enpresakoak direla gogorarazi du LABek. Gaur egun hitzarmen berria negoziatzen ari dira, eta sindikatuak salatu duenez, jardunaldia handitu nahi du enpresak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bilbo Bilboko Portua Ekonomia Eguneko albisteak Pasaia Albisteak