Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Lehiaren Euskal Agintaritzaren lege-proiektua onetsi dute
Eredu berriak adostasun eta koherentzia handiagoa du Europar Batasunaren eremuan daudenekin, eta instrukzio- eta ebazpen-eginkizunen arteko efizientzia eta koordinazioa hobetzen du.
Erredakzioa
Gobernu Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko lege-proiektua onetsi du. Horren bitartez, orain arte hurrenez hurren Lehiaren Euskal Zerbitzuari eta Lehiaren Euskal Auzitegiari zegozkien instrukzio eta ebazpen-lanak bateratzen dituen administrazio izaerako erakunde autonomoa sortu da.
Aurkezpenean, Carlos Aguirre Ekonomiako sailburuak adierazi du “legeak lehia defendatzeko ardura duen erakundearen lehia-maila eta segurtasun juridikoa handitzen dituela, bai eta administrazio publikoekiko eta eragile ekonomikoekiko independentzia ere”.
Eredu berriak adostasun eta koherentzia handiagoa du Europar Batasunaren eremuan daudenekin, eta instrukzio- eta ebazpen-eginkizunen arteko efizientzia eta koordinazioa hobetzen du.
Honako eginkizun hauek garatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak: lehia askearen baldintzak defendatzea, lehiaren aurkako jokabideak zehatzea, lehia sustatzea eta lehia askearen alderdiak betetzen ez dituzten EAEko Administrazio Orokorraren, Foru Administrazioaren eta Toki Administrazioaren egintzak eta legea baino beheragoko xedapen orokorrak aurkatzeko aukera.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerarekin, merkatuen funtzionamendu eraginkorragoa bultzatuko da, eta enpresa eta kontsumitzaileek prezio merkeagoak, hautatzeko aukera gehiago eta bezeroekiko arreta hobea izatea bermatuko da.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueraren gardentasuna beren-beregi azaldu da Legearen III. kapituluko artikuluetan.
Legeak dioenez, Legea onetsi eta gehienez sei hilabeteko epean hasiko da Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera, funtzionamendu-erregelamendua arautuko duen estatutua indarrean sartzean. Momentu horretan iraungita geratuko dira Lehiaren Euskal Auzitegia eta Zerbitzua, eta Lehiaren Euskal Agintaritzak hartuko ditu horien espediente, eskubide eta betebeharrak.