Ekonomia -

Pasaialdea biziberritzea

Pasaiako kanpo portua egiteko protokoloa sinatu dute Madrilen

"Hasi gara Pasaiarekin urteetan izan dugun zorra kitatzen, Pasaia biziberritzeko itzulerarik gabeko konpromisoa hartu dugulako", adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak ekitaldian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pasaia eraberritzeko eta kanpo portua egiteko protokoloa sinatu dute Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Portuko Agintaritzak Madrilen.

Jose Blanco Sustapen ministroak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Miguel Buen Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak sinatu dute elkarlanerako protokoloa.

Urteetako atzerapenarekin, baina akordio horren sinadurarekin Pasaiako badiaren biziberritzea gauzatzen hasiko da. Administrazio sinatzaileen ekintza lerroak ezartzen dira akordioan eta baita elkarlanerako metodologia ere.

Kanpo portu berria

Pasaiako badia biziberritzeko egitasmoaz gain, kanpo portua egingo dute Gipuzkoako energia sorkuntzarako lantegia eta Lezo-Gaintxurizketa plataforma logistikoa eraikitzeko bertan. Astigarragatik bertara tren saihesbide bat helduko da.

Tren azpiegitura Sustapen Ministerioak eraikiko du. Trenak Donostiatik, Pasaiatik eta Errenteriatik pasatzea saihestuko du horrek, Sustapen Ministerioak komunikatu batean gogorarazi duenez.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak plataforma logistikoa Donostiarekin lotzeko bigarren ingurabidea eraikiko du eta errepide gehiago moldatuko ditu portu berriarekin eta egungo portuarekin lotzeko.

Olano

"Gaur hasi gara Pasaiarekin urteetan izan dugun zorra kitatzen, Pasaia biziberritzeko itzulerarik gabeko konpromisoa hartu baitugu", adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak arratsaldean.

Pasaiako egungo portua eta badia ingurua eraberritzeko xedea dute erakundeek, baita kanpo kaia egiteko asmoa ere. Pasaiako Udalak ez du parte hartu ekitaldian. Gaur egungo Udala ez dago kanpoko kaiaren alde.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea