Ekonomia -
Ikerketa soziologikoa
Langabeziaren eta ustelkeriaren kezka handitu da, CISaren arabera
Espainiako Ikerketa Soziologikoetako Zentroaren arabera, inkestatuek ekonomia eta klase politikoa ere aipatu dute. Gainera, % 58,8k erretiro adina igotzeko neurria errefusatu du.
Erredakzioa
CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoetako Zentroak martxoan egindako inkesten arabera, langabeziaren eta arazo ekonomikoaren kezka handitu da. Azken datuek diotenez, klase politikoaren, alderdien, Gobernuaren, ustelkeriaren eta iruzurraren kezkak ere gora egin du.
Horrela, inkestatuen % 81,8k langabezia aipatu du eta % 51,3k, ekonomia. % 20k, berriz, klase politikoari eta alderdiei egin die aipamena. Gainera, "ustelkeriaren eta iruzurraren" kezka ere igo da, aurreko hilabeteekin alderatuta, inkestatuen % 4,6k kontzeptu hauek aipatu dituelako.
Pentsio-erreformari buruzko iritzia
Halaber, CISaren galderei erantzun duten % 58,8k erretiro adina 65 urtetik 67 urtera igotzea jaso duen neurria errefusatu dute. % 45, berriz, ez dago ados pentsioa kalkulatzeko epea 25 urtera zabaltzearekin.
Izan ere, Gobernuaren eta eragile sozialen artean adostutako pentsioen erreformari huts bat (hutsetik 10era) eman dio inkestatuen % 26,5k.
Ostera, harrera ona izan duen neurri bat amatasun bajako bederatzi hilabeteen kotizazioa aintzat hartzea izan da: herritarren % 80k "erabat ados" nahiz "oso ados" agertu da.